sábado, 14 de mayo de 2005

Ahula eta Indartsua


Ahula eta indartsua, klase borroka edo boteretsuen aurkako iraultza nahiko ezagunak diren gaiak dira, izan ere, hauek oinarritzat hartuta, hainbat eta hainbat saiakera, liburuxka edo idazki egin dira. Baina bada idazle baten eleberria gai hauek guztiak batean laburtzen dituena eta oso modu sinplean gainera. Harrigarria da kontakizun sinple batetik, hainbesteko indarra duen ideia bat helarazi ahal izatea. Baina zeri buruz ari naizen galdetuko diozue zeuen buruei, ezta? Ernest Hemingwayren ?Agurea eta Itsasoa? eleberriari buruz hitz egiten ari natzaizue.


Istorioa oso sinplea da: Kubako arrantzale zahar batek bere ametsetako arraina harrapatzen du baina portura bueltatzerako bidean, marrazoekin egiten du topo eta agureak bere indar guztiekin euren kontra borrokatzen du, baina noski, ahal duen moduan.


Horrela esanda, badirudi hasierako paragrafoan esandakoak eta orain kontatutako istorioak zerikusirik ez dutela. Baina istorioan kontatzen denaz aparte, irakurketa alternatiboa egin daiteke. Agurea ahultasunaren isla da. Konparazioa egingo bagenu, agurea herriaren isla, pobrearen isla izango litzateke. Eleberri honetan marrazoek indarkeriaren papera jokatzen dute. Konparazioa egingo bagenu, marrazoak boteretsuak, indartsuak, hots, agintariak izando liratezke. Agureak (edo ahulak) bere indar guztiekin borrokatzen du marrazoek (edo agintariek) bere arraina jan ez dezaten. Istorioaren amaiera zein da? Horretan ez naiz sartuko, liburua irakurtzeak merezi baitu.


Hemingwayk ?The Old Man and the Sea? bezala izendatu zuen eleberria. Argi eta garbi metafora bat egin zuen, ?Agurea eta itsasoa? izendatu beharrean, ?Ahula eta indartsua? ere aproposa baita. Baina hortan datza literaturaren xarmak: istorio sinple baten atzetik pentsamendu sakona aurkitzean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario