jueves, 19 de mayo de 2005

Lagun artean izkiriatutako desioak


Gaur, maiatzak 19 aurkeztu du Lisab? taldeak bere diska berria, Bilboko Kafe Antzokian. ?Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak? izenburupean Irungo taldeak Metak disketxearen Pil-Pil Sessions sailaren bosgarren lana ekoiztu du. Hamairu kantaz osatutako disko honetan kolaboratzaile ugari izan dituzte, besteak beste, Anari, Akauzazte, Riddim, Kahlo Desastre, Xabi Erkizia, Martxel Mariskal, Jon Arga, Experience, Selam eta Manta Ray.


Hiru urtez geldirik egon ostean 2004ko abenduan elkartu ziren berriro ere Lisab?koak. Denbora honetan aldaketak izan dira taldeko partaideetan: Ionyu eta Eneko, taldeko baxulari eta bateria berriak dira hurrenez hurren eta Jabi Manterolak utzi egin du taldea. 2005eko otsailerako prest zeuzkaten diska berri honetako abestiak eta Tolosako Bonbereneako estudioan sartu ziren grabatzera. "Guk oso erlazio estua dugu Bonberenearekin, oraintxe bertan Gipuzkoan musikalki eta kulturalki dagoen gunerik interesgarriena da" adierazi dute taldekideek diskoaren aurkezpenean. Hala ere, grabaketa prozesua gutxienez bitxia izan da, kolaboratzaileek izan duten protagonismoagatik: "Behin guk bukatuta beste taldeekin harremana hasi zen. Talde bakoitzari kanta bat proposatu genion eta hauek berriz ere bukatu eta grabatu egin zuten."


Kolaboratzaileek protagonismo handia izan dute "Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak" diskan. Taldekideek adierazi dutenez, beraien kantuak berrinterpretatu egin dituzte laguntzaileek: "Musika bidaltzen genuen eta irrikitan geunden entzuteko ea bueltan zer etortzen zen. Abesti berri bat entzutea zen".


Lan honetako abestiak "zuzenagoak" direla esan dute, hein handi batean taldekide berriek konposatzerako orduan egindako ekarpenengatik. Sentsazioak helarazten dituzte kanten bidez, batzuetan intentsitate handikoak, bestetan lasaiagoak, baina oinarrian beti sentsazioak daude.


Lisab?k, Pil-Pil Sessions saileko beste diskoen filosofiarekin bat jokatu nahi izan du, hau da, diska kontzeptu baten inguruan osatu dute. Desioa izan da Irungo taldeak aukeratutako kontzeptua eta horren inguruan Martxel Mariskalek eginiko testuak izan dira lan honen abiapuntua: "Testuak irakurtzen genituen eta abestiei forma emateko nahiak hor aurkitzen genituen". Hortik datorkio lan berri honi izenburua: "Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak".

No hay comentarios:

Publicar un comentario