lunes, 9 de mayo de 2005

Dubrovnikera itzulera

Autobus bat hartu genuen uda hartan. Gazteak ginen, nazkatuta geunden gauza guztietaz, gazteak egon ohi diren moduan. Ez genekien nora gindoazen ere, eta gure amek galderak besterik ez zizkiguten egiten. Gerra hitza behin baino gehiagotan azaldu zen joan aurreko egunetan. «Ez ama, gerra aspaldi amaitu zen han». Besterik ezin genuen erantzun, guk ere ez baikenekien gauza handirik.Eta gerra amaitua zen bai. Baina haren arrastoak bizirik zeuden Kroazian gu joan ginenean. Autobusetik ikusi genituen eraikin tirokatuak. Banderak ere bai, banderak nonahi, Jugoslavia batuaren oroimena ekar zezakeen edozer estaltzeko banderak. Dubrovnikeko hirian baina, ez genuen gerraren arrastorik aurkitu. Serbiarrek 91.urtean hiria setiatu zutenean eguneko 1.500 obus botatzen zituztela zabaldu zuten inperioaren hedabideek. Egia bestelakoa da ordea: Asier Blasen ?Atzoko eta gaurko harresiak? bidaia liburuan irakur dezakegu herritarrek esandakoaren arabera Dubrovnikeko bataila mediatikoa izan zela beste ezer baino gehiago.


Murraila handi bat, etxe zuri teila gorriak, gu hirurak turista artean paseatzen. Edonora begiratu eta argazki bat ateratzeko gogoa ematen zuen. Gerrak gerra, hiriaren erakargarritasun turistikoa inoiz baino biziago zegoela ikusi ahal izan genuen. George Bernard Shawk esan zuen moduan ?Lurreko paradisua bilatzen dutenek Dubrovnikera etorri beharko lukete?. Txoko zoragarriz beteriko hiria, kale estuak, etxe txikiak, dendatxoak, volkswagen beetle autoak, portu txiki hura, Lokrum uhartea... dena egiten zitzaigun berria, denak betetzen zizkigun begiak. Shawk arrazoia zuen.


Udan turista alemaniarrez betetzen da Dubrovnik, mediterraneoko kostalde osoa bezala, baina inguruak eraginda edo, agian, beroaren beroaz, kartoffelak lasaiago zebiltzan murraila artean, han izan ginenean behintzat. Itzuliko ginela esan genuen, bertakoek beren etxeetako gelak alokairuan merke-merke eskaintzen zituztela, merezi zuela.


Itzuliko gara noizbait Dubrovnikeko harresi bikainaren inguruetara. Gogoratuko dugu gaztetan egindako bisita eta barre egingo dugu, iraganak barregura baino ez baitu eragiten ezer sufritu ez dutenengan. Baina gu itzultzen garen bitartean, zergatik ez zarete zuek gure partez joaten? Egin aproba, merezi du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario