jueves, 12 de mayo de 2005

Bilboren kronika egin du Urtzi Urrutikoetxeak ?Auzoak? liburuan


?Auzoak? liburua aurkeztu du Urtzi Urrutikoetxeak Bilboko Likiniano kulturunean Susa argitaletxea eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren eskutik. Joseba Jaka IV. Literatur Bekara aurkeztutako proiektua garatu ondoren etorri da obra berri hau. Aurreko liburuetan poesia idatzi zuen arren, genero aldetik hibridoa kontsidera daitekeen estiloa, kronikarena alegia, aukeratu du Urrutikoetxeak bere laugarren liburu honetan.


Bilboko auzoetan barrena egun oso batez eginiko bidaia irudikatu du Urrutikoetxeak. Izen abizen propioak dituzten pertsona arruntak erabili ditu horretarako: Lucio Arregi, Rafael Pereira, Ramon Sanz edo Youssou Ndiaye, beste zenbait izenekin batera kontakizunaren protagonistak dira liburuan, pertsona anonimoak baino gehiago. Liburuko kapitulu asko pertsonen izenak dira gainera, Gorka Arrese Susako editoreak nabarmendu zuenez.



Genero dokumentala, monologo eta dialogoak edo ipuin traza izan dezaketen narrazioak bildu ditu Santutxuko idazleak ?Auzoak?-en. Idazterakoan erabilitako iturriak ere askotarikoak izan direla aitortu du, Joyceren ?Dublindarrak?, Celaren ?La Colmena? edo Montoiaren ?Gasteizko hondartzak? bezalako liburuetatik hasi, Aresti, Unamuno edo Pott Bandako kideen eraginarekin jarraitu eta Doctor Deseoren doinuetara iristen direnak.


Udazkeneko egun batean kokatu du kontakizuna Urrutikoetxeak. Urtaroa ez du kasualitatez aukeratu: urriaren amaiera, ordua aldatu osteko lehen astelehena aukeratu du. Hain zuzen ere garai horrek, udazkenaren etorrerarekin bat, Bilboko eguneroko bizimodua udak edo neguak baino hobeto irudikatzen du bere ustez.


Bilbon kokaturiko liburua izanda, azken aldian hirian egiten ari diren eraikuntzak ere hizpide izan zuen Urrutikoetxeak. Hirigintzan egiten ari diren zenbait aldaketa ?arlotekeria? direla esan zuen idazleak, eta horien aurrean ?minetik egindako kritika? bildu duela liburuan.


No hay comentarios:

Publicar un comentario