jueves, 17 de noviembre de 2005

Suizidioa irtenbide bakarra denean*


Obra: Au revoir, triunfadoreak!

Taldea: Antzerkiola imaginarioa

Data: 2005ekoAzaroaren 9a

Lekua: Leioako kanpuseko Areto Nagusia


Ez gaude betiko eskemak apurtzen dituzten proposamenak ikustera oso ohituta. Zer egingo zaio, ohitura maite duen animalia da gizakia. Hala ere noizean behin beharrezkoa izaten da eskemak apurtzea. Klasetik ihes egin genuen mundu guztiak ahotan zuen teatro obra hura ikusteko: Antzerkiola Imaginarioaren ?Au revoir, triunfadoreak?. Ez genuen horrelako zerbait espero.


Proposamen ausarta da ?Au revoir, trinfadoreak!?. Madame Faneka, Gazte Nihilista, eta Bala Gizonak suizidiorako bidea nola egiten duten azaltzen zaigu obran. Nahiago dute bide hori hartu, ?hipopotamo bihurtu? baino. Animalia geldo, patxadazale eta pisutsua beren baitan jaiotzen ikusten duten neurrian ezinegona areagotuz doa eta pertsonaia bakoitzaren baitan borroka dialektikoan ikusiko ditugu bi izate horiek. Araua vs. askatasuna: Piskanaka arauak, nork bere buruari egindako errepresioak lekua irabaziko du. Piskanaka Banijuk (Ainhoa Jauregi) Madame Faneka torturatuko du (?Bruselas? goiburu duen gurutze batean iltzatuta azalduko zaigu pertsonaia hori, adierazkortasun itzela lortuz). Gazte Nihilistak (Na Gomes eta Terri Floridok antzeztutako pertsonaia) bazterrean utziko du bere izatearen erdia, beti galdezka eta dudatan ari zaiona (ez al gara askotan ?Santadonedonedone-aiamatxomaitia?-ka aritzen gu ere?). Bala Gizonaren (Alex Gerediaga) kasuan, ilusiorik ezak eramaten du bere buruaz beste egitera.


?Garai berrietako komedia triste? moduan aurkeztu zuten antzezlan hau duela bost bat hilabete. Horrexek berak definitzen du ezerk baino hobeto teatro lan harrigarri hau. Barre egin genuen obraren zenbait pasartetan (Gabriel Ocinak antzeztutako Madame Fanekarekin ederki pasa genuen), beste batzuetan, itota sentitzeraino larritu ginen (Banijuk tiro egiten duenean, edo eszenatokian bakarrik eta isiltasunean oso ongi ikusi ez genuen zerbait mastekatzen geratzen denean, besteak beste). Lan berritzailea ezbairik gabe. Pena bakarra geratu zitzaigun: gure antzerkiarako ohitura falta dela eta agian ez ginela obraren mailan egon; ez geniola zeukan zuku guztia atera. Berriro ikusiko genuke.


*Edo nola ulertu duen teatro obra abangoardista bat inolaz ere aditua ez den sasi-kazetari batek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario