miércoles, 23 de noviembre de 2005

Mutuaren Hitzak


Damian Arrutik, Eulien Bazkako protagonistak, eztarriko tumore bat kentzeko operazio bat pairatu ondoren, bere lagun artistaren (Leon Karrika) etxera joatea deliberatzen du bake apur bat lortzeko asmoz. Abiadura Handiko garaiak alde batera utzi nahi ditu Baztan alde horretan, Abiadura Geldoko garai berri eta lasai bati ekiteko. Gajo hori. Baztanera pattal samar iritsi bazen, are pattalago alde egingo du handik. Izan ere, aldrebeskeria ororen zentroa izango da Damian; heriotza estra?o bat, Karrikaren zoro haizeak, Lakoizketaren botanika-bilduma aberatsaren patu garratza, Lupe eta bere artekoak?


Hasier Etxeberria nobela beltz kutsuko lan berri batekin datorkigu oraingoan, heriotza argitu gabe baten inguruan eraikitako Mutuaren Hitzak nobela honekin. Heriotza hori, baina, aitzakia bat baino ez da azken batean, MacGuffin-a Hitchcock-ek esango lukeen moduan, Damian Arrutiren tormentuzko mundu hori irudikatzeko. Nobela ez oso luzea izan arren, esan behar da Damianen mundu hori oso ondo eraikia dagoela (jakina, aurreko nobelak ere laguntzen du horretan), ertz anitzeko pertsonaia batekin topo egiten dugu, bere hausnarketekin, bere zalantzekin, bere lagun eta zaletasun berriekin? Damianen bizitza aldaketa hori hain ondo irudikatzeko hiru narratzaileetaz baliatzen da Etxeberria. Hirugarren pertsona orojakilea, lehen pertsona (Damianen idazten dituenak) eta batez ere, bigarren pertsona ziztatzaile hori, Damianen barne ahotsaren rola betetzen duena, beti ?kontzientzia-ona? ozpintzeko prest. Heriotzaren inguruko korapiloari nobela erdia igarota heltzen dio idazleak, beranduegi agian. Izan ere, nobelak interes handiagoa lortuko lukeela uste dugu, Damianen mundu horren irudikapenarekin batera, aldi berean, heriotzaren inguruko kontuak azalduko balira, hauek nobelaren amaierarako laga beharrean. Edonola ere, esan behar da argumentua, aitzakia izanagatik, ez dela batere arrunt eta erraza. Damianek heriotzaren inguruko misterioak ebatzita dituela uste duenean, bere teoria koherente guztia amiltzen zaio bere oinetara, eta beste ikerketa-bide batzuei heldu beharko dizkio, nobelaren korapiloak ezusteko biraketa bat jasaten duelarik. Oso elegantea, bestalde, Etxeberriak darabilen euskara. Eskertzekoa da idazleak egin duen lana euskara xarmant hori idazteko, baita Lakoizketaren testu apokrifo hori sortzeko ere. Azken buruan, ongi idatziriko nobela baten aurrean gaude-eta, ongi eginiko lan baten aurrean (zentzu onenean), eta ez da harritzekoa idazleak, nobela bukatu ondorengo nekeak eraginda, Damian Arrutiri buruzko nobela berri bat idazteko asmorik ez duela aitortu izana. Berrehun orrialde eskas eduki arren asko hausnartutako testu zaindua baita Mutuaren Hitzak hau. Amaierak, haatik, nobela berri bat idazteko aukera irekirik uzten du, Abiadura Berriko edo Abiadura Larriko garai bati ekiteko prest agertzen baitzaigu Damian. Seguru, izatekotan, Abiadura Larrikoa izango dela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario