miércoles, 30 de noviembre de 2005

Laboa, kaiolan sartu ezin den txoria


Bilboko Carlton hotelean aurkeztu du Mikel Laboak ?Xoriek 17? izeneko diskoa, lagunez eta kazetariz inguratuta. 1996. urtetik aurrera egindako kantuak bildu ditu lan berri honetan. Prentsaren aurrean egindako agerraldian zuzenekoetara itzultzeko gogoa duela azaldu du kantariak.


2001ean sortu zitzaion diskoa osatzeko ideia, Bernardo Atxagak txoriak gai moduan hartuta lan bat egin zezala esan zionean. Hiru zatitan dago banatua lan berri hau eta txoriak gai moduan hartuta egindakoez gain In Memoriam atala (James Joyce, Jexux Artze, Billie Holiday, Jaques Brel, Atahualpa Yupanqui, Vicente Ameztoy eta Agustin Salinasen omenduz egindakoa) eta beste lau kantu solte topatuko ditugu ?Xoriek 17? honetan. Parte hartu duten musikari eta kolaboratzaileen artean berriz, oso izen ezagunak: Ruper Ordorika, Xabier Montoia, Aida Torres, Bernardo Atxaga, Haritz Harreguy, Jose Luis Zumeta... Azken honek diskoaren azala egin du, kantariaren irudia oinarri hartuta.


Laboak aurkezpenean azaldu duenez, momentu txarrak pasa dituzte disko honen ekoizpen prozesuan (ia urtebetez luzatu da grabaketa), baina orokorrean lan giro polita izan dutela azpimarratu du. Gainera, kantariak adierazi du diskoan parte hartu duten musikariekin lan egitea ?luxu bat? izan dela.


Aurkezpenean Laboaren ondoan izan dira I?aki Salvador eta Bernardo Atxaga. Lehenengoa disko berriaren musika zuzendaritzan aritu da eta kantari beteranoak zailena erraz eta errazena zail egiteko duen gaitasuna azpimarratu du. Gainera grabaketan izan duten giro ?ez oso profesionala? eskertu nahi izan du Salvadorrek, horrela musikariek presiorik gabe lan egin ahal izan dutelako.


Bernardo Atxagak bere aldetik, testu bat irakurri du, XX. mende hasierako artista abangoardistak oroituz. Mikel Laboa ?hitzezko kaiola? batean sartzea ezinezkoa dela azaldu du, behin kaiola eginda barrura begiratu eta ihes egiten baitu kantariak. ?XXI. mende hasiera honetan ere krisian bizi den jende askoren laguna? dela azaldu du Asteasuko idazleak.

3 comentarios:

  1. Eta Lisab?k parte hartzen du! Aidaren ahotsa entzuten da hortik! ZE INTENTSITATEA!

    ResponderEliminar
  2. Lisab?k parte hartzen duen kanta mundiala da, konbinazio bikaina, Atxaga, Mikel, Lisab?, triangulu biribila.

    Sarrionandiaren Sustraiak han dituenak oso polita.

    Diska zoragarria, dramatikoa, baina aldi berean romantikoa.

    ResponderEliminar