miércoles, 14 de diciembre de 2005

Eraso!:?Disko hau gogorragoa atera zaigu?


Amaiur baxujoleak taldea utzi eta gero, hemen ditugu Eraso!-ko mutilak, gogoz beterik. Gogo hori berriki kaleraturiko Kontra diskoan islatzen da, disko indartsua egin baitute zarauztarrek. Taldekide berriari buruz, Kontrari buruz eta Japoniara joateko aukeraren inguruan hitz egin zigun Sergio abeslari eta gitarristak. Hona hemen:


Eremu Lauak- Komentatuko al zenuke zerbait ?Kontra?-n aurki dezakegun kanta bakoitzaren inguruan?


1. Aurrera


Hirugarren diskoa bukatu eta gero egin genuen lehenengo kantua. Laugarren diskoari hasiera emateko oso interesgarria iruditu zitzaigun. Melodia eta intentsitatea oso ondo nahasten duen kantua, diska islatzen duen kantuetako bat da; Kantu gogorra baina errez entzutekoa.


2. Egunak:

 

Ikutu thrasheroagoa duen kantua da. Buelta asko eman genion kantu honi horrela geratu arte. Oso ongi plasmatu nahi genuen kantu hau. Agresibitate handikoa eta melodia askoko kantua, bi ahotsetan lortutako melodia asko gustatu zitzaigun.



3. Kontra:


Diskari izena ematen dion kantua dugu. Alde batetik, gogortasun maila izugarria duen kantua, bai estrofetan eta baita mamian ere, baina, gero lasaitasaun eta emotibitate puntu altu batekin nahasten da. Bukaeran ahotsa suabe eta bortitz egitean lortzen duen magia asko gustatzen zitzaigun eta horrela utzi genuen. Kantu honen hitza adierazpen askatasunari oihu eta garraxi bat da. Euskal talde batzuek jasan izan duten zentsuraren aurrean ez genuen isilik geratu nahi eta kantu hau idatzi diegu gure lagun diren musikari hauei: Soziedad Alkoholika, Berri txarrak, Su ta Gar, Materia?



4. Errebelazioa


Kantu atmosferikoa, gogorra eta riff bortitzez jantzia aurkitzen duguna. Egan egiteko aukera ematen duen kantu horietako bat da, azken finean.

Hitzak AEBek duen boterearen ingurukoak dira, honek epe laburrera emango dizkigun arazoak azaltzen saiatzen gara.



5. Laztanak/oihuak


Diskoko kanturik azkarrenetariko edo eta azkarrena. Kantuaren hitzak Gasteizeko San Fransziskoko elizan gertatutakoaz hitzegiten du. Eta nahiko gogorra da bai hitzetan bai musikan ere.



6. Hitzik esan gabe


Eraso!?ren kantu bat bere osotasunean, bi alderdi desberdin dituen kantuak eta bata besteari itsatsita izugarrizko jokoa ematen duena. Kantu rockeroa baina baita oso metaleroa ere. Kantu kuttuna dugu.



7. Sosegu eza


Kantu azkarra eta estribillo gogorra. Hitzak gogorrak dira, sistemaren aurkakoak, eta musikak ez zuen bestelakoa izan behar! Tempo aldaketak egiten ditugu, bizkortasun eta trinkotasunarekin jolastuz.



8. Odola ta malkoak


Diskoko kanturik gogorrena, bai hitzetan eta baita musikaren ejekuzioan. Oso metaleroa da eta gaur egungo metalaren barnean ere kokatu genezakeena. Emakumeei tratu txarrak zirela medio idatzitako kantua da.



9. Haur denborak:


Melodiarekin jolastu nahi genuen kantu honetan. Musikalki nahiko lineala da, baina, ahots jokoak ematen dio honi bere ezaugarririk emankorrena.



10. Ilargia egunez:


Diskoko kanturik lasaiena ez bada , lasaienetarikoa. Estribillo polita duen kantua eta hitzetan ere hitz joko politak dituena. Kantu motza da, 3 minutu eskasekoa. Gure garai mistikoena gogoratuarazten duen kantua izango litzateke.



11. Belaunaldi zauritua


Diskoa ixteko erabili dugun kantua. Nahiko bortitza da musikalki, baina hitzen melodiek ez dute apenas inongo agresibitaterik. Bukatzeko bere puntua du eta nahiko polita atera zitzaigun kantua. Gure belaunaldiari buruz hitz egiten dugu eta nahiko interesgarria den ikuspuntu batetik dihardu.



EL- Diska entzun eta geratu zaidan inpresioa zera da, azkenengo bi diskak baina gogorragoa dela, metaleroagoa. Ados honekin?


Sergio- Egia da diska hau trinkoagoa edo gogorragoa atera zaigula. Batzuek metalzaleago esango dute, beste batzuk gogorragoa eta beste batzuk betiko Eraso! dela esango dute. Kantu desberdinez beteriko diskoa dugu eta betiko moduan bihotza eta amorrua uztartuz eginiko lana dugu. Jende askori interesagarriago egingo zaio eta beste batzuei beharbada ez hainbeste. Ez da guk jarri dugun helburua, guk gure musika egiten dugu beti bezala. Gu izaten gara normalean gure musikarekiko kritikoen sentitzen garenak, nahiz eta jendearen iritzia entzuteak izaugarrizko poza ematen digun. Lehen eginiko lana eta gaur egun egiten dugun lanaren konpentsazio bat bezala ikusten dugu.



EL- Gitarren afinazioa ere aldatu duzuela ematen du. Hala bada, zergatik? Zeren bila zenbiltzaten?


S- Egia da afinazioa aldatu dugula, lehen hiru diskoak Do?n afinatzen genituen eta laugarren diskorako, agresibitate eta sendotasuna emateko, pixka bat jeitsi dugu afinazioa, La?ra hain zuzen. Erosotasun kontua izan da, kantu batzuk afinazio horrekin atera genituen eta asko gustatzen zitzaigun, erregistro berriak ematen baitzituen. Brutalitate pixka bat bilatu nahi genuelako egin genuen. Horrelako afinazioetan azkartasuna asko nabarmentzen da, bestela oso hilda bezala gelditzen baita soinua.



EL- Grabazio hau berezia izanen zen zuentzat, Amaiurrek taldea utzi eta gero grabatutako lehenengoa baita. Nolatan utzi zuen taldea Amaiurrek? Nola moldatu zineten baxujole berria lortzeko eta zer moduz egokitu da taldera?


S- Oso berezia izan zen egia da. Amaiurrekin zortzi urte generaman musika egiten. Lau partaideen lehenengo talde serioa izan zen eta, egia esan, kontrabaxu ikasketek, kontzertuek etabarrek asko lagundu zioten Amaiurri erabakia hartzeko orduan, guztia uztartzea zail egiten baitzitzaion. Amaiurrek esan zigunean taldea utzi behar zuela izugarrizko zaplastekoa jaso genuen eta ez genuen jakin zer egin, komentatu genuen beharbada izenez aldatzea edota taldea uztea... baina, hitz egiten genuen heinean, konturatzen ginen ezin genuela taldea utzi, gure bizitza baitzen. Baxujole baten bila hasi behar genuela komentatu genuen eta gure koadrilan gitarrista den Ander aurkitzen zen. Amaiurrena jakin zuenean komentatu zigun ea berak probatzerik bazuen. Egia esan Amaiurrekin azken kontzertua egin eta hortik bi astetara Anderrekin hasi ginen probak egiten eta.... orain arte.



EL- Kanten artean ?Ilargia egunez? azpimarratuko nuke, ikutu desberdin bat duela iruditzen zaidalako, estribilloaren melodiarengatik etab. Nola sortu zen kanta hau? Zer prozesu erabiltzen duzue kantak konposatzeko orduan?


S- Kantu hau, egia esan, kantu berezia da zeren estribilloak badu xarma bat, baina, gainera, ez du intentsitatea jaisten, beste intentsitate puntu bat ematen dio. Asko gustatzen zaigu kantu hau, desberdina delako diska honetan eta beste errejistro batzuk ematen dizkigulako. Kantua lokalean egin genuenean, Nestorren riff batetik hasi ginen lantzen eta, poliki-poliki, egitura nahiko erraza eta polita garatu genuen. Hortik aurrera, kantua musikalki egina zegoenean ahotsa sartu genuen eta oso interesgarri atera zen. Normalean guk horrela egiten dugu lan. Entsaioan riff politen bat ateratzen denean eta gustatzen bazaigu, aurrera egiten dugu kantu horrekin. Beste askotan, etxetik ekartzen dugu ideiaren bat, baina, kantua hasieratik bukaerara entsaiatzeko lokalean egiten dugu.



EL- Diska honen grabaketa Mikel Kazalis-en laguntzaz egin duzue, zuen aurreko grabaketan bezalaxe. Zerk eraman zaituzte bera berriro aukeratzera? Nola egiten du lan?


S- Mikelekin lan egitea guretzako garrantsitzua izan zen, betidanik ezagutzen dugulako. Disko guztietan egon da produkzio lanetan eta honetan nahasketak eta dena berarekin egiteko aukeratu genuen. Mikel guk dugun guztia ateratzen saiatzen da eta hori, azken finean, berriro bera aukeratzera eraman gaituen arrazoietariko bat da.

Erosotasun asuntoa ere ezin dugu ahaztu, Zarauztarrak izanda eta bere estudioa Zarautzen egonda bada.... Momentu batean gaizki baldin bazaude etxera joan zaitezke esaterako. Estudio txiki batean lan egitea guri ongi datorkigu nahiko perfekzionistak baikara zentzu batzuetan eta estudio txikietan denbora gehiago egoten da gauzak bere lekuan uzteko. Arrazoi nabarmenenak hauexek dira.



EL- Diska atera eta egun batzuk pasa direnean, nolakoa izan da jendearen jarrera kanta berrien aurrean? Nolako harrera izan duzue kontzertuetan?


S- Jarraitzaile batzuk hasi dira kantu berriak abesten eta, egia esan, burua astindu, astintzen du jendeak. Zuzenean asko irabazten dute kantu hauek, zeren askoz ere bortitzago ateratzen dira kontzertuetan.Oso pozik gaude jendearen erantzunarekin. Hiru kontzertu egin ditugu atera denetik eta gero eta hobeto ari gara zuzenean. Askoz ere gustorago ari gara eskenatokian eta jarraitzaileak ere askoz hobeto kontzertutik kontzertura.


EL- Nola ikusten duzue metalaren egoera Euskal Herrian? Eta kanpoan? Gaur egungo taldeen artean zein dira gustokoen dituzuenak?


S- Talde metalero berri asko ari da ateratzen aurten Euskal Herrian Disko batekin eta pozten gaitu, zeren, azken bi urte hauetan talde metalero garrantzitsu askok utzi dute (Jousilouli, Ekon, Spezial guest...). Baina beno, talde berri asko ari da ateratzen gustatzen zaizkigunak: Bide Bat, Neu, Biok, Kudai, Lor, etab...

Kanpoan, berriz, egia da beste kultura bat dagoela. Oso momentu metalero baten aurrean aurkitzen gara Erresuma Batuan eta baita Ameriketan ere. Metala bere zentzu berrienean azkartasuna, bortizkeria eta melodia ongi nahastu eta uztartzean datorkigu edo gutxienez hori ikusten dugu, metalaren jarraitzaile bezala. Killswitch Engage, 36 Crazyfists, Mastodon, The Dillinger Escape Plan, Blood Bhrothers etab. Baina, denetarik entzuten dugu generalean, guk musika irensten dugu. Ez gara metalean bakarrik geratzen musika entzuteko orduan, rocka gustatzen zigu bere zentzu guztietan.


EL- Zer moduz daramazue kontzertuen agenda? Bira luzea izanen al da? - Ba al duzue Espainia edo Europan zehar kontzertuak emateko asmorik?


S- Bira hasi dugu, baina, Urtarrilera arte Euskal Herrian egingo dugu bira eta gero nahi duguna estatu espainiolean kontzertu bira txiki bat egitea da. Madrilera eta Bartzelonara joango gara otsailean eta gero ikusiko dugu zein dinamika nahiago dugun. Iritsi zaizkigu pare bat historia egiteko; bata Japonian kontzertu batzuk emateko eta bestea San Franciscon emateko. Egia esan udan edo eta aste santuan egin beharko genuke. Japonian jotzeko aukera, gure CDa hara heldu eta hango promotore bat gure bulegora azken urte honetan deitzen ibili delako sortu da. Nahiko gogo haundiak ditugu hara joateko. Ikusiko dugu zer egiten dugun.


Eraso!-ren inguruko informazio gehiago: [d0]www.erasomania.com

2 comentarios: