jueves, 1 de diciembre de 2005

Bada ez; Atxagak ez gaitu plagiatu


Bernardo Atxagaren lan berriak Lekuak izena izango zuela jakitean, asteasuarrak Eremulauak-en ideietako bat plagiatu zuelako hipotesia otu zitzaigun. Izan ere, jakingo duzuenez, Lekuak izena du web gune honetako ataletako batek; leku bat oinarri harturik ukitu literarioko narrazio motzak agertzen zaizkigun atala hain justu. Hori zen hori web gune hau promozionatzeko aukera ederra ?pentsatu genuen?; baina onartu beharra dugu, tamalez, Atxagak plagiatzekotan izenburua baino ez digula plagiatu (eta ez kontzeptua), eta hori ez zela taxuzko plagio bat. Nago, ezin izango dugula, honenbestez, izen handiko idazle hau salatu? oraindik.


Lan berri hau, Pamiela argitaletxeko Kontagintza sailean argitara eman den arren, saiakeratik gertu dagoen liburu bat dugula esan dezakegu; bertakoak, ?nire gogoeten memoriak? baitira Atxagaren hitzetan. Idazleak berak aitortu duen moduan, liburu hau ez zatekeen posible izango bera idazle profesional izateko jauzia eman izan ez balu eta denboraren poderioz bihurtu den pertsonaia publikoa izatera ailegatu izan ez balitz. Bada, honen ondorioz, hamaika lekutan eman dituen hitzaldi eta enparauen ondotik, hainbat gairen inguruan pentsatu eta (bereziki) idatzi behar izan du, eta beste hamaika idazki horien arteko sailkatze, atontze eta berridazte lanaren ondorio da Lekuak hau. Gogoeta hauek, antza denez, lekuekin loturik bururatu omen zaizkio gehienetan, kasualitate-edo, bere fikziozko lanetan (Etiopia, Ziutateaz, Obabakoak?) gertatu izan zaion antzera.


Gai askoren inguruko gogoetak aurkituko ditugu, honenbestez, liburu honetan, baina denak ere tratamendu serio eta soil batekin, testu gehienak galbahe anitzetatik (hitzaldiak eta bertako, erreakzio, galdera, kritikak eta abarrak) iragandakoak baitira. Ez dira, beraz, boteprontoan idatziriko testuak honako hauek, makina bat hausnarketa eta zuzenketa jasandakoak baizik. Aurkibideari begira ohartzen gara liburu honetan, besteak beste; tradizioari, nazioari, Miguel ?ngel Blancoren erahilketari edota Egunkaria auziari buruzko gogoetak topatuko ditugula. Aipatu beharra dago, azkenik, testu hauek guztiak ikuspuntu partikular batetik eginak daudena, hau da, idazlea gaion gainean abstraktuki teorizatzeko tentaldi oro ekiditen saiatu dela. Liburu honetan izango duzue, hortaz, Atxagak orain arte idatzi dituen ?testuen azpian zegoena?, idazlearen background ideologikoa, alegia.


Bidenabar, Bernardo Atxagak bere lan berria izango denaren berri eman du aurkezpenean. Hamabi etxe Frantzian izenburua izango duen fikziozko lan berria datorren urterako argitaratzea espero duela adierazi du asteasuarrak.

1 comentario:

  1. Nik hala ere nire abokatuarekin kontsultatuko dut... ez dakit ba... igual zerbait atera dezakegu egile eskubideen kontu honekin...

    ResponderEliminar