martes, 6 de diciembre de 2005

?Vredaman? eleberriari buruzko zenbait kontu (nahiko nahaspilatuta jarriak)


Irrikaz itxaron dugu azkenengo bi urteetan Unai Elorriagaren nobela berria, eta joan den azaroaren 18an ?Vredaman? hau eskuartean izan genuenean, sekulako gosez irakurri genuen. Gosez, baina ez azkar, ez baitira bizpairu ordutan irakurri eta apalean uzteko liburuak izaten Elorriagarenak eta hau ere, ez dugu horietakoa.


Tomas izeneko ume baten ahotsa da liburuan azaltzen zaigun lehenengoa, eta haren eskutik ezagutuko ditugu hasieran nobelako beste protagonistak (umearen osaba eta errugbi zale amorratua den Simon, bere aitonaren bizitza ezagutu nahiean dabilen Mateo eta garai batean arkitekto ezagun baten andregaia izan zen emakume bat, Piedad izenekoa). Lau istorio beraz, linealak (denborarekin jokoren bat badago ere) eta sinpleak itxuraz. Itxuraz bakarrik, esaten denaren atzean mundu bat baitago.


Tomasen kontakizuna da eleberriaren pisua eramaten duena. Umearen begi xaloen bidez jakingo dugu bere aita ospitalean dagoela, eta horregatik eraman duela amak izekoren etxera. Momentu batzuetan Bernardo Atxagaren ?Gauero aterako nintzateke paseatzera? hartako umearen traza hartu diogu Tomasi, agian zorigaitzaren aurrean dramatikotasunik gabeko begirada eskaini digulako. Ia konturatu gabe egiten du jauzi Tomasek gai batetik bestera, eta horri esker, eleberriko beste istorioak josi egiten ditu (josi, imanarekin biltzen dituen orratz galduak bezala) istorio bakar bat osatzeraino.


Liburuko beste hiru kontakizunetan errealismo magikoaren eta surrealismoaren artean mugitzen da Elorriaga. Istorio bitxiak eta pertsonaje are bitxiagoak biltzen dituzte osaba Simon, Piedad eta Mateoren kontakizunek: errugbi zelai bat eraikitzeko lan klandestinoan ikusiko dugu osaba Simon, Gur izeneko lagunarekin batera; urteetan bere senargaia izandako arkitekto famatua ahaztu ezinda bizi den Piedaden sekretua ezagutu nahiean pasako dugu nobela erdia; Tomasen lehengusu Mateok bere aitonaren (Europako ebanistarik onenetarikoa) inguruko gauza gehiago jakiteko egingo dituen galdeketa saioak ikusiko ditugu.


Eleberriak irakurlearengan eragin dezakeen zalantzetako bat pertsonajeen sinesgarritasunaren ingurukoa da agian: Gur edo Aitite Julian bezalako jendea eguneroko bizimoduan aurkitzea zaila dela petnsa lezake norbaitek. Guk hala ere, ez dugu bat egingo kritika horrekin, iruditzen baitzaigu Aitite Julianen 16 misterioak sinesgarriak ez badira, ez direla sinesgarriak Oteitzaren 14 apostoluak ere. Gur izeneko pertsonajeari dagokionean, Xabier Mendigurenen blogean eginiko elkarrizketan Elorriagak berak azaltzen duenez, ?pertsonaia honen gauzarik ederrena da benetan existitzen dela: Algortako lagun bat da Gur. Herrian ?Guzur? esaten diote, atera kontuak hortik?.


Azkenik, ezin dugu alde batera utzi libelula urdina harrapatzearen kontua. I?es lehengusinak Tomasi esandakoaren arabera libelula urdina harrapatzen duena izango da munduko pertsonarik inteligenteena. Eta Tomasek harrapatuko du bai, libelula urdina eta orduan konturatuko da inguruan duenaren benetako dimentsioaz. Inteligentziarekin batera heriotza zer den jakingo du Tomas haurrak, nobelako momenturik hunkigarrienean.


Zer gehiago esango dizuegu... Hasiera batean umearen ahotsak ez gintuela konbentzitzen, ez genuela ikusten kontakizunaren norabidea, baina lehenengo irakurketa amaitzerako gure aurreiritziak gainditu dituela Elorriagak. Nobela ona. Benetan ona, lagunok.


(Mila kontu airean utzi ditugula konturatu gara testua bukatzean. Agian beste batean hitz egin beharko dugu luzeago eta sakonago liburu honetaz, Elorriagaz eta bere beste lanez. Izan ere, geu ere libelula urdinaren bila ari gara, eta ez digu denbora libre asko uzten)

4 comentarios:

  1. Lagun batek pluralean idaztearen zergatiaz galdetu dit off-line. Plurala nire beste ni guztiak (ez naiz TBko programaz ari) batzeko egin dut eta beraz inork ez dezala pentsa eremulauak.com-eko guztiek bat egiten dutenik hemen esandakoekin.

    Hala, konpondu duGU beste zalantza bat!

    ResponderEliminar
  2. Lasai, ulertzen zaituGU. Baita maite ere. :)

    ResponderEliminar
  3. vredaman. txapela kentzeko moduko eleberria. aupa hi, unai!

    ResponderEliminar