lunes, 27 de febrero de 2006

Death Cab For Cutie Donostian: errepikaezina

Donostiara abiatu ginen, aspaldiko partez, kontzertu bat ikustera, Death Cab For Cutie estatubatuarrak baikenituen bisitan gipuzkoar hiriburuan, eta ezin galdu. Illunbe zezen-plazan kokaturiko “aisialdi-zentru”an dagoen Rock Star aretoan zen kontzertua, eta esan beharrik ere ez dago, bertaratzen ginen lehenengo aldia zela. Lehenengo inpresioa beldurra izan zen, arratsaldeko seietan gaztez beteta baitzegoen delako “aisialdi-zentrua”. Ihauteriak ziren eta denetarik ikusi genuen: barbie-erizaina, barbie-troglodita, barbie-militarra.... Beldurra areagotzen joan zen.

Denbora egiteko Donostiako harribitxietako batera abiatu ginen, Alde Zaharrera hain zuzen ere, pintxo batzuk jateko asmoarekin. Sabela bete, eta kontzertua hastear zegoen, John Vanderslice (www.johnvanderslice.com) bakarlaria oholtza gainean zegoelarik. Bera, gitarra eskuan, eta bateria-jolea, bakarrik. Azken honek lau instrumentu (bai: lau) jotzen zituen aldi berean. Esku batekin, eta anka batekin bateria jotzen zuen, kanta hasieretan oinarri elektronikoak jartzen zituen, “soberan” zeukan eskuarekin (eskuinarekin hain zuzen ere) teklatua jotzen zuen, eta ezkerreko ankarekin lau nota ematen zituen sintetizadore antzekoa jotzen zuen: IZUGARRIA!. Kontzertuari dagokionean, ordubeteko emanaldia eskaini zuten, momentu batzutan Karate gogora ekarri zigularik, beste batzutan pop kutsu handiago hartu genion, guztia ñabardura elektronikoekin apainduz. Oso hurbil agertu zen publikoarengandik Vanderslice jauna, eta emanaldiaren ostean merchandising-aren txokotik pasatzeko gonbitea luzatu zion jendeari, hizketaldi bat izateko aitzakiaz. Kontzertu dotorea, gero zetorrenari sarrera ezin hobea eman ziolarik.


 


Orduan eromena etorri zen. John Vanderslicek kontzertua amaitu zuenean jendea oholtza albora hurbiltzen hasi zen, eta ingelesa entzuten hasi ginen edonon, gehiegi Donostian egoteko. Dirudienez, gaztelania ikastera urtero etortzen diren yankee guztiak bertaratu ziren, Death Cab For Cutie (www.deathcabforcutie.com) taldekoek AEBtan arrakasta handia izaten ari den “The OC” telesailaren soinu banda konposatu baitute. Eta ez hori bakarrik, abestu ere egiten baitzuten, eta desafinatu, asko gainera.


 


Seattle-eko laukotea taulagainera igo zen, bi orduko emanaldia eskaintzeko asmoz. “Plans” azkeneko disko luzea denaren kantuak aurkeztu zituen gehienbat, grabazioan entzun daitekeen baino soinu gordinagoarekin, rockeroago agian. Honek ez du esan nahi emozioak albo batera utzi zituztela, kontzertua hitz batekin definitu behar bada halaxe egingo genuelako: emozionala. Alderdi pop-a ere azalera atera zuten, eta baita hardcore tanta batzuk ere bai: Jimmy Eat World gogorarazi zigun momentu batzutan, batez ere abeslariak, eta baxulariak liluratu gintuen, musika sentitzen zuela ikusten baitzen, eta hori eskertzekoa da  50 kontzertu bata bestearen atzetik eskaini ostean. Ondo pasatu zutela zirudien, eta publiko artean geundenak are hobeto. “Transatlanticism” diskoari izena ematen dion kantuarekin amaitu zuten emanaldia, urtetan gogoratuko dudan momentuan: ozen, gogor eta izerditan blai amaitu zuten, publikoari (edo niri behintzat) ileak puntan jarriz.


 


Gaueko puntuazio eskasena Donostiako publikoak eraman zuen, bertakoa izan baitzen sarrerak agortu ez zituen birako kontzertu bakarra, eta esan beharrean nago, sarrera asko gelditu zirela saldu barik, leku dezente baitzegoen.

1 comentario:

  1. Ados kontzertuaren bikaintasunari dagokionean. Birtuosismo kontuak alde batera utzita, Vandersliceren saioa korrektoa iruditu zitzaidan; ez dirudi oso pertsonalitate definitua duenik oraindik, baina ondo egon zen. Death Cab For Cutie, ordea, izugarri aritu zirela iruditu zitzaidan, intentsoak eta melodikoak aldi berean. Diskoak ezagutzen nituen, eta gustuko nituen, baina halako zaletasun fanatikorik gabe; kontzertuan ikusi ondoren, beste era batean ari naiz azkeneko diskoak entzuten.
    Ez dut uste DCFC inolako iraultza direnik pop musikan, ez dute ezer bereziki berririk egiten. Baina badaukate dohai bat, handia gaur egun: talde bakarrenetakoa da, pop arloan, ez direnak imitatzen ari 1970eko hamarkada amaierako eta 80koaren hasierako soinua, hots, 2006ko popa egiten ari direla ematen duten bakarretakoak.

    ResponderEliminar