viernes, 23 de septiembre de 2005

Berri Txarrak taldeari elkarrizketa


Jaio.Musika.Hil diska berria ateratzeko aste inguru besterik falta ez dela, Gorka Urbizurekin egin dugu solas.



Hauetxek izanen dira seguraski musikari batentzat momenturik latzenetakoak, diska prest eduki eta kaleratu bitartekoak. Izan ere, hainbeste lan eta denbora eskeini diozun hori ea jendeak nola hartzen duen ikusteko esperoan egotea, ez da batere samurra izango. Dena den, Gorka Urbizuk ez du beldur zantzurik erakusten, seguru eta harro ikusten zaio.


GRABAZIOA



Eremu Lauak- Grabazioa Lekunberrin bertan egin zenutela daukat entzunda, Karlos Osinagaren laguntzaz, baserri bat egokituz. Horrela izan al zen? Zergatik aukeratu zenuten bertan egitea?



Gorka Urbizu -Grabaketa Eraso herrian egin genuen (Nafarroa), lagun baten baserria egokituz. Orain arte beti estudioan grabatu izan dugu eta disko honetarako arrisku hau hartu nahi genuen (estudiotik kanpo grabatu eta Ameriketan nahastu). Honekin grabaketaren prozesu ezberdinetan beti erne eta hurrengo pausurako irrikitan egotea lortu dugu.



EL- Ed Rose-k nahastu du diska, Estatu Batuetan. Nola hartu zenuten erabaki hura eta zergatik?



GU-Atzerriko ekoizle batek gure musikarekin nola joka zezakeen ikusi nahi genuen. Bestalde, zuzenki gure estiloarekin bat ez datorrenaren ikuspegi ezberdinak erakartzen gintuen, eta Ed Rose posibleen zerrendan zegoen. Berarekin harremanetan jarri eta Libre ? asko gustatu zitzaionez, berarekin egitea erabaki genuen.


EL- The Get Up Kids bezalako taldeekin lan eginagatik da Ed Rose ezaguna eta jakina da Weezer edo Pedro The Lion bezalako taldeen jarraitzaile zaretela. Alde poperoa piska bat azpimarratu nahi zenuten nahasketan?


GU -Gu ez gara pop talde bat, baina melodia maite dugun aldetik pop asko eta ezberdina entzun izan dugu beti. Zuzenki gure estiloarekin lotuta ez dagoenaren ikuspegiak erakartzen gaitu gehiago. Kaki adibidez, ez da metal musikan aditua, baina horrexegatik egin genuen aurreko diskoa berarekin. Disko honen helburua ez da gure alderdi poperoena azpimarratzea, baina egia da aurrekoarekin hardcorearen zakuan sartu gintuela askok eta gu ez gaude inongo zakutan. Guk estilo ezberdinetatik edaten dugu, baina Berri Txarrak besterik ez gara. Disko guztiak estilo aldetik amaiera irekiarekin uzten ditugu eta biziki maite dugu diskarik diska aldatu eta askatasun musikala aldarrikatzea. Entzulegoa kitzikatu beharra dago, espero ez duenarekin zure esparrura gerturatzera behartu, nolabait.


EL- Gustora gelditu al zarete Ed Rose-k buruturiko lanarekin?


GU-Soinu kontuak bigarren mailako bezala ikusi izan ditugu beti, garrantzitsuena kantuak eta sentimendu trukea dira. Baina bai, gustora geratu gara, eta Ed Rose-i izugarri gustatu zaizkio kantuak. Horrek asko bete gaitu.



EL- Desberdintasun nabaririk ikusi al duzue diskaren azken emaitzan?



GU-Diskoa esku askotatik pasa da grabatzera sartu ginenetik, eta prozesua guztiz ezberdina izan da, beraz diferentzia badago, baina kantuek dakarte diferentziarik handiena.



HEGO-AMERIKETAN BIRA


EL- Nola sortu zitzaizuen bira hau egiteko aukera?


GU-Aspaldi egin nahi genuen zera bat da, eta diskoaren nahasketaren aitzakiarekin, data konkretuekin hasi ginen dantzan.


EL- Mexiko eta Nikaraguaren artean desberdintasun handia nabaritu al duzue?

GU-Bai, izugarria. Egoera soziala, politikoa ezberdina den heinean, jendea ere oso ezberdina da. Mexikori buruz entzunak genituenak ?publiko bero eta eroa, eta abar- bete egin da, baina ez kontzertu guztietan. Mexikon bertan ezberdinak izan ziren oso hiru kontzertuak. Tampicon Berri Txarrak-zale amorratu ugari topatu genituen; hiriburuan jendea ikusminez zegoen eta Tolucan kontzertu benetan eroa izan zen, jendea bultzaka eta abar. Nikaragua esperientzia itzela izan da guretzako. Asko ikusi eta ikasi dugu, eta bertako jendearekin zoratuta itzuli gara. Kontzertuak, gainera, oso jendetsuak izan dira eta itzuliko garela ziur.


EL- Irakurri izan dut momentu batzuetan Rage Against The Machine bezala sentitu zaretela jendearen erantzuna ikusita, beste batean Ramones-en antzera jo duzuela, gelditu gabe, punki andanaren aurrean... desberdintasun handia euskal entzulegoarekin alderatuz, ezta?


GU-Bai, ezberdina zinez. Baina guk aurpegi asko dauzkagu eta tartea daukagu nahi dugularik metaleroago, punkago edo poperoago agertzeko. Aktitude kontua da eta gure kantuak anitzak izanda kontzertu mota oso ezberdinak eman ditzakegula uste dut. Kontzertu punk horretan oso oso gustora aritu ginen, adibidez.



JAIO.MUSIKA.HIL: DISKA BERRIA


EL- Ezinbesteko galdera da, baina, zer adierazi nahi izan duzue diskaren izenburu eta azalarekin? zein da kontzeptua?



GU-Izenburuarekin musikari zor genion omenaldi txikia egin nahi izan dugu. Musikaren inguruan mugitzen den jende asko ezagutu dugu musika errespetu gutxiz tratatzen duena. Guretzako musika beti egon da lehenengo lerroan; gure bizitzaren urte garrantzitsuenak musika eginez eman ditugu. Portada serioa nahi genuen, izenburuak pisu handia zuelako eta zerbait oso konkretua jartzeak indarra kenduko liokeelako.



EL- Zer espero behar dugu diska berriaz? Zer bide jorratu dituzue oraingo honetan?


GU-Gure ustez ez da hausturarik, baina bada elementu berririk. Jendeak agian Libre ? hartuko du erreferentziatzat eta ez nieke hori gomendatuko. Guk 2005ean garena izan dugu erreferentzia bakarra, sentitu eta atera zaiguna, eta horixe da Jaio.Musika.Hil. Ez dakit gure ibilbidea koherentea den estilo aldetik, baina guretzako koherentzia barrutik ateratzen zaiguna egitea da, eta horixe da hemen dagoena. Bestea gu eta gure zaleak traizionatzea litzateke.


EL- Aurreko diskarekiko aldaketa nabarmenik espero dezakegu?


GU-Lagunei erakutsita denetarik entzun dugu. Gu izugarri gustora geratu gara egindakoarekin eta uste dugu kantu oso onak daudela disko honetan. Berri Txarrak dela lehenengo entzunalditik nabari da eta hori da garrantzitsuena guretzat. Aurrekoan baino amorru gutxixeago egon daiteke, baina hori ez da gauza bilatua izan, ez ditugu diskoak aldez aurretik planifikatzen. Rock berriarekin jokatu dugu zenbaitetan, letretan autokritika dago...


EL- Aitor Oreja-k taldea utzi zuenetik lehenengo diska da. Alde horretatik aldaketa nabaritu al duzue? kantuak gitarra bakarrarekin zuzenean joak izan daitezen grabatuko zenituztela pentsatzen dut...


GU-Zerbait nabarituko dela suposatzen dut, baina ez zaigu axola. Taldea ez da berdina izango Aitor gabe, eta horrexegatik ez dugu Aitorren ordezkorik bilatu. Aldaketa etorri egin da, eta hori erronka bihurtu dugu. Ezberdina da, baina zer?


EL- Hitzei dagokienean, zer gai jorratu dituzu oraingoan? zer tono dutela esango zenuke?


GU-Bizi ditugun garaiok ikusita argi dago politikoki asko zegoela esateko, baina baita pertsonalki ere, eta kantu askok azken gai hauek jorratzera eraman naute. Zalantzak ageri dira berriz ere eta autokritika esaldi gogorrak ere bai. 12 kantu gutxiegi dira esan beharreko guztiak esateko.



EL- "Oreka" izeneko kantua jadanik entzungai dago irratietan. Niri, egia esan, Brand New taldea ekarri dit gogora, Weezer-ekin batera. "Emo"-arekiko hurbilketa bat? Bakarra da diska osoan edo diskoaren joera orokorra laburbilduko luke?


GU-Kantu honetan konkretuki ez dakit emoarekiko hurbilketarik ematen den... Elkarrizketa batean kantu berari buruz The Faint dirudiela esan didate, eta foroan norbaitek Neil Young aipatu zuen, pentsa. Argi dago single ezberdina dela gure ibilbidean eta guretzako inoiz egin dugun kanturik biribilenetakoa dela. Dena den, diskoan izaera guztiz ezberdina daukaten kantuak daude.





EL- Nola uste duzue hartuko dituela jendeak kanta berriak? Alde horretatik artega al zaudete?



GU-Singleak polemika sortu duela dirudi, baina hori bagenekien. Aurreko diskoekin lotura zuzenagoa zuten kantu bat har izan genezakeen, baina ez dugu hori nahi izan. Aurrrerakoiago izan behar da eta ez horren kontserbadorea. Musika zerbait bizia da! Jendeak diskoa gustoko izango duela uste dugu, nahiz eta hasieran apur bat harritu. Dena den, eta errespeto osoarekin, geure jakinmin musikala eta behar artistikoa asetzea da garrantzitsuena. Publikoa guregana hurbil dadin lortu behar da, eta ez beti nahi duen hori eman. Hori komertziala izatea da, komertzialkeria ez baita estilo kontua, jarrera kontua baizik.



DISKA KALERATU, ETA BIRA


EL- Jadanik data batzuk jakinararazi dituzue, horien artean California eta Idaho-n emango dituzuen hiru kontzertu ere (horietako bitan Betagarri izanen dute lagun). Zer espero duzue Ipar-Ameriketako kontzertu hauetatik?


GU-Printzipioz AEB-tako euskaldunei zuzenduriko kontzertuak dira ?euskal etxeetan-, baina Ed Rose-ek, adibidez, bertara gerturatzeko nahia azaldu digu jada. Irrikitan gaude, publiko berria izango da eta gainera antolatzaileek sekulako ilusioa jarri dute bira honengan.


EL- Azpimarratzekoa ere lotuta dituzuen kontzertuen artean Zaragoza, Vigo, Riudarenes (Girona) eta Manlleu (Bcn)bezalako lekuak ikustea. Berri Txarrak-ek estatu mailan izan duen igoeraren adibide garbia?


GU-Euskal Herrian disko berria aurkezteko irrikitan gaude, kantu berriak erakusteko. Baina, noski, kanpora egiteak ere asko betetzen gaitu eta talde bezala sendotu. Zaragozan lehengo urtean 500 lagunentzako areto bat bete genuen eta Katalunyan asko jo genuen aurreko diskoarekin. Hori ona da taldearentzako.


EL- Europan zehar kontzerturik emateko asmorik ba al duzue?



GU-Bai. Datorren urterako hizketan ari gara jada.


6 comentarios:

  1. Norbaitek badaki "Libre (c)" diskaren izenburuaren ezanahia??

    ResponderEliminar
  2. libre (c); nik uste askatasunaz eta honen erabilpenaz ari dela, ez? hau da, alde batetik libre, askea, eta bestetik c horrek esan nahi du askatasuntzat hartzen den hori ez dela askatasun askatasuna ere, askatasun kontrolatu bat. nik uste gainera lotura estua duen azken aldi honetako askatasun hitzaren erabilpenarekin, diskako hitzekin ere gainera badu lotura... nik horrela ikusten nuen behintzat eta diska berriaren izena ere niri asko gustatzen zait.
    eta bai, elkarrizketa interesgarria, esaldi interesgarri bat baino gehiago atera zaizkio gorkari. zorionak

    ResponderEliminar
  3. copyrigth VS askatasuna... zergatik berri txarrak ta peiremans poriektu berria SGAEn sartuta??

    ResponderEliminar
  4. eta zergatik rage against the macine bezalako talde bat multinazional batean? betiko kontresanak...

    ResponderEliminar