sábado, 24 de septiembre de 2005

Zinemaldiko Egunkaria: 2005eko Irailak 22


Frantzia eta Belgikaren artean egindako Entre ses mains (Bere esku artean) filmeak ireki du Sail Nagusiko goiza. Albaitari bakarti bat eta aseguru etxe batean lan egiten duen emakume ezkondu batek duten halamoduzko harremana erabili du Anne Fontaine zuzendariak misterio eta intrigazko istorio hau kontatzeko. Pantailan amaierako kredituak azaldu direnean, txaloak eta kontrako oihuak nahastu dira eta aretoa ziztu bizian utzi dugu, protagonisten (Beno?t Poelvoorde eta Isabelle Carr?) interpretazioak zuzenak direla pentsatzen, baina baita ikusi berri dugun zintak ez digula inolako arrastorik utziko.


Miranda July artista ipar-amerikarrak komedia gazi-gozo bat proposatu zigun ondoren, berak zuzendu eta antzeztua. Me and you and everyone we know (Zu eta ni eta ezagutzen ditugun guztiak) sortzaile gazte baten bizitzan murgiltzen da. Honek bere lana arte garaikideko museo batean zintzilik ikusi nahi du, baina bitartean agureak zaintzen irabazten du bizimodua. Beste alde batetik Richard dago, banandu berria den aita gaztea, maitemindu egingo dena. Berarekin batera bere bi semeak, Interneteko txat erotikoetara lotuta bizi direnak. Auzoa eta bizilagunen artean sortuko diren harreman arraroak dira Miranda Julyren debut distiratsuaren oinarria. Kritika ez zuen kontrako izan.


Ezin gauza bera esan Bang Bang Orangutan izeneko produkzioaz. Suezia eta Danimarkaren artean egindako lan hau Simon Sthaok zuzendu du eta bere seme txikia istripuz hiltzen duen negozio gizon baten gainbehera kontatzen du. Debaldeko errekurtso eta karrankekin filme gutxik lortzen dutena egin zuen: ikusleen erdiak filmeak ordu bete eskas bete baino lehenago aretoa uztea.


Bang Bang Orangutanen efektuak guztiz gainetik kendu gabe, (azken minuturaino ikusi baikenuen filmea, produktua justifikatuko zuen amaierako aldaketa handia itxaroten, koittaduen moduan) merezitako deskantsua hartzea erabaki genuen. Ez oso luzea hala ere. Pintxo pare bat eta berriro ere Antzoki Zaharrera Asier Altuna eta Telmo Esnalen Aupa Etxebeste! ikustera. Euskaraz goitik behera grabatutako lehen filme luzea Euskal Herriko herri txiki batean girotutako komedia da. Entretenitu eta erlaxatu egin gintuen, gaueko ordu horietan behar genuen hain zuzen ere.

1 comentario:

  1. Pues ni ere ikusi nuen Bang Bang. Benetza txarra da. Ezin dut beste esan. Ez nune ezer ulertu eta ni falta que hace! jaja...

    ResponderEliminar