martes, 20 de septiembre de 2005

Zinemaldiko Egunkaria: 2005eko Irailaren19a


Kafea, kruasana eta berriz ere martxan jartzeko asmoa. Kursaal aretora goazela, You Bet your life pelikulako zuzendari eta aktorearekin elkartu gara, azkar eta presaka dabiltza, haien prentsaurrekora berandu iristen direlako (guk zuzenean ez joatea erabaki dugu).


Goiz partea ez da oso emankorra izan, eta eguraldia lanerako oso aproposa ez zenez, zilegi ikusi dugu 16.00ak arte zinema aretoetan ez sartzea. Udara ematen zuen: Kontxako hondartza jendez lepo, eta Boulevard-eko terrazak ere, 2.60¤ salneurria duten kafeekin eta guzti (gainera aurpegi txarra jartzen dizute izotz edalontzia eskatzen baduzu).


Jaialdira itzultzeko ordua. L?Enfer (Infernua) izenburua darama eguneko lehen filmeak, jada honen aurrean mesfidati agertzeko esperientzia daukagu. Japoniar, italiar, belgiar eta frantziar ekoizpenak (ez da gutxi!), hiru ahizpa gazteen istorioa kontatzen digu, haien aita pederastaren suizidioagatik traumatuak. Ezer berririk ez.


Aretoko irteerara irten garenean (jada Antzoki Nagusia gure bigarren etxea bihurtu da), kaleko eguzkiak begiak mintzen dizkigu (hau da hau eguraldia!). Beste kafe bat hartu (doping-a behar baitugu jaialdiko azken egun hauetan) eta bueltan gure eserlekuetara.


Hurrengo filmea, Sail Nagusian lehian dagoena, Malvinetan izandako gerra kontatzen digu, Argentinako soldadu baten ikuspegitik. Trist?n Bauer-en Iluminados por el fuego filmeak, gehiegizkoa eta oso ohikoak diren guda filmeen irudiak hegoameriketako abeslarien donuekin nahasten ditu. Ingalaterra eta Argentinaren arteko guda honetatik filme interesgarria irten zitekeen arren, filme honek dezepzioa zabaldu du ikusleengan.


Galizako turista batzuk borrokatu ostean, azkenean lortu dugu tabernako barran gure lekua lortzea. Txaka eta Onddo pintxo batzuk jaten ditugu, emakume batek ukondoaz jotzen gaituen bitartean.


Argiak berriz ere itzalita, Oyun (The Play) da hurrengo pelikula eta irrikitan gaude hau ikusteko. Turkian ekoiztua eta girotua, Pelim Esmerrek herri txiki bateko emakumeen istorioa kontatzen digu. Emakumeak antzezlan berezia prestatzen dute herrian egiteko, non haien bizitza gogorraren berri ematen dute, gizonezkoen aurrean duten egoera salatuaz. Dokumental moduan eraikia, pertsonaien sinpletasuna eta naturaltasuna da pelikula honen oinarririk onena.


Jogo Subterraneo filmaz ezer gutxi esan dezakegu. Roberto Gutierrez-ek zuzenduriko lan honetan, San Paoloko metroan barrena bere bizitzako emakumea etengabe bilatzen duen gizonaren istorioa kontatzen digu. Topatuko zuen jakin gabe geratu ginen. Gauerdia pasata, gure begiak ixten ari zaizkigu. Sesioa bertan behera uztea erabaki dugu. Bihar arte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario