martes, 20 de septiembre de 2005

Iraila eta urrian... literatur sariak!


Iraila eta hotza heldu dira (?Bai zera! Ez da egia izango??). Hondartzan eguzkitan etzanda egoteko egunak oraindik geratuko diren arren, piskanaka-piskanaka homo literatus-ak turismoaren kobazulotik atera eta beren lekua hartzen hasiko dira. Udazkena eta negua dira antza (inolako estatistikarik gabe egindako baieztapena da) idazteari ekiteko urte sasoirik onenak. Irailean eta urrian daukagun literatur sarien agendari gainbegirada egitea besterik ez dago.


Hilaren bukaeran amaituko da Emakumeak kontari narrazio lehiaketara aurkezteko epea. Gehienez 12 orrialdeko lanak aurkeztu behar dituzte lehiatu nahi dutenek Bilboko Udaletxean, aipatutako epea baino lehen. Saria 2.000 eurokoa da.


Urriarekin batera kurtso berriko lehiaketa kopuru handiena. 15ean bukatzen da haur literaturako Bapore Saria irabazi nahi dutenek daukaten epea. Santa Maria fundazioak antolaturiko lehiaketa honetan parte hartzeko gutxienez 35 orrialdeko narrazio edo eleberriak aurkeztu behar dira, 6.000 euroko zifra borobila irabazi nahi izan ezkero.


15ean amaituko da era berean Gipuzkoako Kutxak antolaturiko Donostia Hiria sariko bi modalitateetan lanak aurkezteko emandako tartea. Gutxienez 6 eta gehienez 25 orrialde izan behar dituzte aurkeztutako ipuinek. Antzerki lanei dagokionean, gehienez bi ordukoak eta gutxienez ordu eta laurdenekoak izango diren lanak aurkeztu behar dira. Ipuinei emandako sari nagusia 7.000 eurokoa da, eta 14.000koa antzerkian.


BBK eta Euskaltzaindiaren eskutik lau sari garrantzitsu: Antzerkirako Toribio Alzaga Saria, poesiako Felipe Arrese Beitia Saria (gutxienez 750 bertso-lerro aurkeztu behar dira), eleberrirako Txomin Agirre Saria (gutxienean 125 orrialde izan behar ditu) eta saiakerako Mikel Zarate Saria (hemen ere orrialde kopuru bera). Urriaren 16an amaituko da horietan guztietan parte hartzeko epea, eta lanak honako helbidera bidali behar dira: Elkano 20, 48008 Bilbo.


Ezin alde batera utzi Zumaian urtez-urte hutsik egin gabe antolatzen duten Julene Azpeitia Saria. Aurtengoan urriaren 20a baino lehen aurkeztu beharko dituzte egileek beren ipuinak. Gutxienez 10 orrialdekoak izan behar dute eta saria 3.000 eurokoa da.


Azkenik urriaren 29a da Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan parte hartu nahi dutenek beren lanak aurkezteko daukaten azken eguna. Gehienez 15 orrialdeko ipuinak aurkeztu beharko dira Bilboko Udaleko Kultur eta Turismo sailean eta saria 3.900 eurokoa da.


Lehiaketen betekada beraz. Ea behintzat udaran hain lokartuta egon diren idazteko ohiturei nagiak ateratzeko balio duen!

4 comentarios:

  1. Karrera bukatu gabe ta dagoeneko erretiroan pentsatzen; horra hor egungo gazteria!

    ResponderEliminar
  2. Ez dakit, baina sariak ikusita (hala 6.000 hemendik! hala 3.000 bestetik!) edo a)udaletxeek, bankuek etab. balio handia ematen diote literaturari (kar, kar, kar) edo b) txantxulloren bat dagoela pentsatzen hasi beharko dugu. Hala ere, a) dela pentsatu nahi dudanez aurkeztu beharko dut nire burua horietako batera (zeinek daki, igual erretiroa irabaziko dut!)

    ResponderEliminar
  3. Egongo al da idazle lain horrenbeste saritarako? Hau guztia ez al da farsa kolektibo bat izango? Urtero egunkarietan azaltzen diren saridunak benetazkoak al dira? Ez al dituzte antolatzaileek asmatuko? Existitzen al dira zinez?

    ResponderEliminar
  4. Txikitan galdetu zidaten: "Zuk handitan zer izan nahi duzu?" eta nik ez nuen dudarik izan: "Jubilatua!". Esango didazu ez dela bizimodu ona: nahi duzun orduan jaiki, denari buruz putakumeka aritu (baina jendeak ulertu egiten du, zaharra zara) eta gainera kobratzen! Ez, orain serio, erretiroa ez dakit, baina sari pare bat irabazita urte osorako bizimodua ateratzen du pertsonak...

    ResponderEliminar