viernes, 18 de mayo de 2007

Mad Caddies: Ska baino urrunago

Mad Caddies Santa Barbarako musika taldeak ska musika baino urrunago doala erakutsi digu beste behin ere Keep It Going disko berriarekin. Kaliforniarrak sailkaezinak dira estilo aldetik; ska-core talde gisa definitzea izango da errazena eta zuzenena.
Duela hamar urte Duck and Cover disko miragarriak irakatsi bezala, ska-core etiketak ska eta punk melodien nagusitasuna azpimarratu nahi du. Ameriketako boskoteak skatik abiatuz hainbat musika estilo jorratzeko gai direla erakutsi dute ordea, beren bosgarren lanean. Punka, hardcorea, popa, rocka, dixiea, jazza, countrya, swinga, reggaea, rockabillia, polka edota mexikar musikaren tankerako erritmoak topatu ditzakegu euren diskografian.

Fat Wreck Chords disketxe independientearen atzean ezkutatzen diren mutilak maiatzaren 1ean bueltatu ziren. Jamaikar doinuek pisua duten lan hau Live from Toronto zuzenekoaren ondotik dator. Chuck (ahotsa), Sascha (kitarra), Keith (tronpeta eta koroak), Eduardo (tronboia) eta Brian-ek (bateriajolea) ia lau urte pasa dituzte kanta berriak taxutzen eta oraingoan ere lan txukuna burutu dute. 14 abestiz osatua dago eta ekoizpenerako Grammyko Wayne Jobsonen (Toots & the Maytals, Gregory Isaacs, No Doubt) laguntza eduki dute. 

Keep It Going
lanean Jamaika eta Kaliforniako kostaldeetako doinu gozo eta alaiak aurki ditzakegu State of Mind  kantuak erakusten digun moduan. Nahiz eta, diskoa aurrekoekin alderatuta nabarmen lasaia den, hezurrak mugitzeko moduko punk eta dixiearen artean diren kantuak ere prest ditu, esaterako Tired bones.

Horrez gain karibeko haizeaz bustitako lanak ekarpen berri bi dakartza. Alde batetik Duckie Simpson Black Uhuru reggae talde mitikoko partaideak bere ahotsa tartetakatzen du Delroy Wilsonen "Riding For a Fall" kantaren moldaketan eta bestetik Mad Caddiesen lehendabiziko abesti akustikoa Whatcha Gonna Do aurki dezakegu, country doinuez babestua.

Bestalde, Just One More aurreko lanean bezala gazteleraz mintzo direnentzat keinu bat egiten dute Coyote mexikar eta punk doinudun kantuan. Abesti sorta tentagarri hau espero zitekeenaren kontra reggae edo skarekin zerikusi gutxiko disko azal batekin dator apaindua. Beste behin Mad Caddiesek dixie munduaren aldeko apostua egiten dute euren lan berriko azala aukeratzerakoan. Benetan interesgarria beste behin Santa Barbarako mutilek proposatutako soinu bidaia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario