jueves, 17 de mayo de 2007

Budapest: magiarren metropolia

Bigarrenez Budapestera iritsi naiz eta oraingoan ere gauak egin dit ongi etorria. Berriz ere eguneko lehendabiziko orduetan hiri honek duen mugimendu azeleratuak txunditua utzi nau. Argi dago azken urteetan gauzak ez direla nabarmen aldatu. Kale ertz guztiak okupatuta dauzkate etxerik gabekoek osatutako ejertzito ilun eta isilek. Magiarren metropolian zerbaitek oker funtzionatzen duela erakusten digute eskaleen aurpegi goibelek. Hauetariko askok gainera alkoholismo arazo larriak dituzte. Egunez lurrundu egiten diren pertsonak alkohola darabilte errealitate batetik bestera salto egiteko. Hungariako erregimen komunistak duela 18 urte errealitatetik salto egiteko erabakia hartu zuen. Erregimenaren deseraikuntza 1999-2004 urte bitartean gauzatu zen: lehenik NATO eta ondoren Europako Batasunaren sarrerarekin. "Askatasun demokratikoen aroa" zabaldu zen.
Hugo eta Joserekin goizeko hamarretan dut hitzordua, hortaz sei ordu luze inguru hirian literalki noraezan bakarrik ibiltzeko. Ibilbide jakinik gabe zuzen segi dut Bela Bartok kalea. Behin Danubio ibai mitikoaren gainean Kossuthl Rakoczi kalearekin topo egin eta oraingoan helburu argiarekin poliki eragin diet hankei. Astiro iritsi naiz Keleti Pu tren geltokira. Nekeak eta egunari altxatzeko falta zaizkion orduak lo kuluxka bat botazeko aitzakia bihurtu dira. Txarteldegiko izkin batean zakua zabaldu eta ametsetan murgildu naiz trenak iragartzen duen ahots baxu baina biziaren marmaraz. 

Ametsetatik goseak esnatu nauen arren ametsetan jarraitu dudala iruditu zait. Begiak zabaldu eta berriki argitutako Budapest koloretsuaren usainak gordetako begiak itsutu dizkit. Euro apur batzuk florintetan bertako txaponarengatik trukatu eta gosea asetzeko ogitarteko bat erosi dut.
 
Inperio Habsburgotarraren buru izandako hiri historikoa da Budapest. Eraikinen handitasuna nonahi aurkitzen da. Baliteke Danubio ibaiaren handitasunaren eraginez Buda erregeen gaztelua, Szechenyi Chain burnizko zubia, beldurra ematen duen parlamentua edota desagertutako heroien aldeko monumentua eraiki izana. Handitasun hori hiria ezagutu ahala izango duzu bidailagun beti. Hala ere, ikaratu beharrean maitemindu egingo zaitu zentzumenentzako egina dirudien ikuskizunak. Bikotekideaz paseatzeko museo-hiriak, gaur Estatu magiarraren sinbolo bilakatu da. Dena dela, ezin ahaztu ditugu beste kulturek hiriari egindako ekarpen-iposaketak, besteak beste: zelta, erromatar, otomandar, eslaviar edo alemanak. Kultur aberastasun honek Europa zentraleko hiri paradigmatikoa marrazten du.  

Hugo eta Joserekin batu naiz eta zuzenean lasaitasun bila Margaret irlaruntz abiatu gara. Danubioren erdian kokatutako lur zati berde honek modu magikoan batzen ditu Buda eta Pesteko ibaiertzeak. Bi herri zaharrak elkartzen dituen sinbolo honetan zemeztuzko oihana ahaztuko duzu. Patxadak ia ito egin gaitu eta denboraz urri gabiltzala konturatu gara.

Zementuzko ohianera bueltan, munduan zaharrenetakoa den metroan irten ezinik ikusi dugu geure burua. Azkenean lortu dugu Hungaria eta Europako bihotzetik urrun eramango gaituen garraiora igotzea. Koszonom! (eskerrik asko).

No hay comentarios:

Publicar un comentario