jueves, 3 de mayo de 2007

Unai Elorriaga: "Nahita bilatzen dut sinpletasuna, baina batzuek sinplekeriarekin nahasten dute"

[ Jarraipena; elkarrizketaren lehenengo zatia hemen ]

Irudi literarioak mundu guztiarentzat idazten dituzula esan zenuen behin. Unibertsaltasuna bilatzen duzu?


Horixe da literatura: unibertsaltasuna bilatzea, gauza esentzialei buruz hitz egitea. Gauza esentzialak hemen eta Indian berdinak dira. Pertsona batentzat esentziala maitasuna izan daiteke, eta beste batentzat irakurtzea ala lo egitea. Gainontzeko guztia zirkunstantziala da. Esentzialei buruz egiten digu berba literaturak.


Hala ere euskaltasuna mantentzen saiatzen zara?


Horixe da guk egin ahal dugun ekarpena: gauza esentzialei buruz berba egin, baina gure ikuspuntutik. Faulknerrek eta Cortazarrek asko idatzi dute, baina beren ikuspuntutik. Sekula ere ez zuten imajinatuko euskaldun edo algortar baten ikuspuntua zein den. Hori nahasten denean sortzen da benetako talka eta ekarpena.


Zure idazkera neifa dela diote... eta errealismo magikoaren oinordekoa.


Ba! Niri etiketek barregura ematen didate. Etiketak jartzen dituenaren atzean beti dago literaturaz ez dakien norbait. Literatura ona da, ala txarra da.


Baina badaude liburu irakurterrazagoak beste batzuk baino, eta zureak di-da irakurtzen dira.


Nahita bilatzen dut sinpletasun hori, baina batzuek sinplekeriarekin nahasten dute. Esaldi korapilatsuak idaztea erraza da, baina ulertzen ez badira... txarto. Nire testuetan ideia sakonak daude, heriotza, erotasuna... eta horiek sinple idaztea gatxa da.


Euskal kultura ahozkoa izateak eraginik du horretan?


Bai. Ahozko literatura aprobetxatu behar da, eta horretan Sarrionandia eta Atxaga oso onak dira. Hori egiten saiatzen naiz ni ere. Gaztelaniazko prosa, eta frantsesa, oso luzeak dira, baina euskarak ahozko literaturan du irtenbidea.


Zelan ikusten duzu euskal literaturagintza?


Oso ondo. Asko idatzi eta asko irakurtzen da. Idazle gazte asko dago eta aspaldikoek ere hor jarraitzen dute. Gainera, beti esan dut, euskaldunak hain gutxi izanda ere, idazle euskaldun on gehiago dagoela espainiar baino. Agian izango da "txiki" izateak ematen duen kemenagatik. Kazetari italiar batek esan zidan gatxa dela bere hizkuntzarekin hain harreman estua duen beste herri bat topatzea: korrika dela, ibilaldia dela... bertso eskola bezain indartsua den mugimendurik ere ez dago inon.


Idazten zauden nobela berriari buruz zeozer...


Nahiko kuriosoa da liburua. Teilatu baten gainean gertatzen da dena. Herriko jendea kaleetatik ibili beharrean teilatuetatik ibiltzen da, eta 17. teilatuan dauden lagun batzuen inguruan zentratzen da istorioa, neska baten zain dauden lagun batzuen inguruan.


Noizko egongo da amaituta?


2008ko amaierarako gutxi gora-behera.


Eta ordura arte, irakurtzeko beste gomendiorik?


Hiruzpalau liburu irakurri ohi ditut batera, baina orain esku artean ditudanetatik Flannery O'connorren Cuentos completos (Lumen, 2005) aukeratuko nuke. Idazle nahiko ezezaguna baita gure artean, baina oso interesgarria.


Eskerrik asko eta hurrengora arte!


Eskerrak zuri!

5 comentarios:

  1. Ba printzipioz hori da eskuartean daukan gauza bakarra... halere badekogu Flannery O'connorren liburua gomendatua, ezta? ;-)

    ResponderEliminar
  2. Urrutitxo geratzen da 2008ko amaiera... gainera ez al du orain jaso Joseba Jaka beka (Londres kartoizkoa da)? 2008ko amaiera aurretik izango al da beste ezer?

    ResponderEliminar
  3. Elorriagari egindako elkarrizketa batez abisatzen zizun emailean Gabiriaren erantzunak espero al zenituen, ala? ;-)

    ResponderEliminar
  4. Egiluz, elkarrizketa hau irakurtzeko e-maila bidali didazu? Beste zerbait espero nuen... ;-)

    ResponderEliminar