sábado, 26 de mayo de 2007

Oporretarako planik nahi? Bideak.info!

Ekaina gainean dugu eta ni bezala oporrak azken ordura arte planeatu gabe utzi badituzue, ondorengo lerroak irakurtzea gomendatzen dizuet (betiko estilo astun eta pedantean idatzita badaude ere). Bideak.info ezagutu berri dut, eta ezin izan dut pasatzen utzi lerro batzuk eskaini gabe. "Bidaiatzeko beste era bat" proposatuko dizute web gune horretatik. Horrela, euskaraz. Lehenengo gola sartu didate niri behintzat. Ea zer gehiago eskaintzen duten...
Hiru eskaintza desberdin ditu Bideak agentziak: Udarako bidaiak izenekoan, New York, Idaho, Quebec, Maroko, Polonia... etab. ezagutzeko aukera ematen da, herrialde bakoitzeko kulturan murgilduz (New Yorkeko eskaintzan gospel musikarekin girotutako meza batera joateko aukera dago, adibidez).

Basque-Eusk
izeneko eskaintza atzerritarrei zuzendua dago. Euskara eta euskal kultura ezagutzen laguntzeko eta euskal jatorriko jendeari beren sustraiak aurkitzeko aukera eskaintzen du. Horretarako, besteak beste, Euskal Herriko idazleekin, ikus-entzunezko munduko jendearekin eta abarrekin elkarrizketatzeko aukera emango zaie bidaiariei.

Azkenik, Literatur Bideak eskaintza dago. Gabriel Arestiren Bilbo, Hemingway eta Urdaibai, Pasaia eta Victor Hugo, Axular eta Sarako eskola eta Satrustegiren herri ipuinetan oinarritutako ibilbide gidatuak. Euskal Herritik mugitu gabe, bestelako ikuspegiak izateko aukera paregabea.

Propaganda lotsabako honekin bukatzen joateko, web guneaz ere hitz egingo dugu: baten batek Bideak.info ikusi eta flashean eginda dagoelako eztena sartu nahiko dio nonbaitetik. Horren inguruko eztabaidak gorabehera, niri izugarri gustatu zait diseinua, baita edukiak ere: laburrak eta zehatzak.

Ideia freskoa dela ezin uka. Arazo bakarra ikusten dut: artikulu hau argitaratu ondoren agentzian izango dituzten deiak eta eskaerak erabat neurriz kanpokoak izango direla kontuan hartuta, guretzako lekurik geratuko ote den.



No hay comentarios:

Publicar un comentario