lunes, 13 de junio de 2005

Bertze musikak aurten ere Beran


Berako 2005.ko Ertz jaialdira hurbildu ginen larunbatean, zoritxarrez bakarrik bigarren egunera, baina bagenituen gogoak han biltzen diren ?bertze" musiketaz gozatzeko. Kultur etxean bildu zen jende nahikotxo, eta musika experimentalaren kasuan askotan gertatzen denez ez dut uste inor indiferente geratuko zenik.


Gaua hasteko Gaizka Sarasola eta Xabier Iriondo aritu ziren taula gainean. Oso nahasketa interesgarria atera zen. Sarasola lesakarrak euskal musika tresna tradizionalekin lan egiten du (txistua, alboka, ttunttuna...) eta egindako inprobisazioak Iriondo italo-euskaldunak jantzi eta hornitu zituen elektronika erabiliz. Euskal musika tradizionalaren ondarearen ikuspegi berri bat entzun ahal izan genuen, dudarik gabe.


Bigarren Astra izan genituen: Jason Kahn (Suitza) eta Ilios (Grezia) soinu-artistek osaturiko bikotea. Eskenatokitik at aritu ziren, aretoaren erdian, ordenagailu bat bakoitzarentzat eta argiak itzalita. Soinu muturrak hausnartzen ditu bikote honek. Zarata eta isiltasuna. Eta hori da han entzun genuena, niri belarriak ulertu ez zuten muturren arteko gatazka.


Gaueko momentua iristear zegoen oraindik Berako kultur etxean, eta hori iritsi zen Can taldeko Damo Suzuki kriston botea eman zuenean haien emanaldia hasteko. Abeslari japoniarrarekin batera Xabier Iriondo gitarra eta programazioetan eta Zu talde italiarra, bateria, baxua eta saxo baritonoarekin. Sekulako inprobizazio ostikada jaso zuen han bildutako jendeak. Taulagainean egin zutena, ez da free-jazza, ez da hardcore, baina biak badira. Sentsazioz beteriko emanaldia.


Jaialdia amaitzeko beste bikote bat aritu zen, frantsesak hauek, aurrekoak baino interesgarriagoak, ene ustetan. Eric La Casa eta Thomas Chartemant. Hantxe bertan Xabi Erkizia antolatzaileak azaldu zuenez musikari batek beste gela batean egon zen musika-tresna akustikoak jotzen eta bestea aretoan bertan zegoen tresna horren interpretazioa entzunarazten. Entzuleak aretoaren erdian egoteko eskatu zuten eta egia esan, soinu interesgarriak entzuteko parada izan genuen, nahiz eta emanaldia denbora gehiegiz luzatu zuten, agian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario