jueves, 23 de junio de 2005

Eta Konfederatuek irabazi izan balute?


EREMU LAUAKen hitz egin genuen Harkaitz Canoren ?Belarraren ahoa? eleberriaz. Bertan, irakurleak jakingo duenez, II. Mundu Gerrak izan zezakeen amaiera hipotetiko bat azaldu zitzaigun: Europan gerra irabazi eta New Yorken konkistara abiatzen zen Hitler nobela hartan, Charles Chaplin komediantea torturatzen zuen bitartean. Tira, ba badirudi Lasarteko idazlearen bidetik abiatu dela Estatu Batuetan Kevin Willmott zinema zuzendaria ?CSA: Confederated States of America? filmean.


2004ko Sundance Film Festivalean estreinaturiko filme honek AEBko Sezesio Gerraren bestelako amaiera proposatzen digu: Imaginatu, kasu honetan, AEBko sezesio gerra konfederatuek irabazi zutela. Imaginatu Lincolnek Kanadara ihes egin behar izan zuela. Imaginatu esklabismoak gaur arte iraun izan balu eta Interneten esklabu beltzak erostea zilegi balitz. Ongi etorriak ?CSA: Confederated States of America? filmera.


Michael Mooren antzera ironia eta salaketa jorratu ditu filme honetan Kevin Willmottek, Estatu Batuen bihozgabekeria eta pentsamendu bakarra salatzeko. Horretarako fake (edo gezurrezko dokumentala) egin du, Amerikako Estatu Konfederatuen (CSA ingelesez) historia kontatuz. Arrazakeria eta esklabotzaren aldekoak nagusitu ostean bere bidea egingo du CSAk, baina apurka apurka Bush aita semeak, Nixon edo Reaganen Estatu Batuetatik gertuago egongo da herrialde konfederatua. Horren erakusle Hego Amerikako herrialdeetako diktadurei emandako babesa, gerra guztiak irabazi dituen herrialde baten harrokeria eta kapitalismoaren agintaritza mugagabea.


Ironia eta txisteak garraztasunarekin nahastuz protesta egin nahi izan du Willmottek. Emaitza: gezurrezko dokumental bat, errealitatearekin antz handiegia duena. Ideia probokatzailea dudarik gabe, probokatzioetara ohitua ez dagoen herrialde batean.

2 comentarios: