viernes, 24 de junio de 2005

Zirriborro bat da? Graffiti bat da? Ez... Grafedia da!


Euskal Herrian oraindik oso ezaguna ez den arren, New York, San Frantzisko edo Sidney bezalako hirietan arrakasta handia lortu duen ekimena da Grafedia. Ideia oso sinplea da: kaleko hormetan, autobus geltokietan eta abarretan idatzitako link fisikoak (hau da eskuz idatziak, ez ordenagailu batean) dira, sakeleko telefonotik lotura horretara e-mail bat bidali ondoren argazki bat, kantu bat edo bideo bat oparitzen diguna.


John Geracik sortutako ekimena da Grafedia. New Yorkeko Unibertsitateko Telekomunikazio Interaktiboen Programan lan egiten du Geracik eta han burututako proiektuetako bat da hau. Graffitigileek bezala, Grafediagileek ere kalea dute eremu naturala: edozein gainazal egokia da beren mezua idazteko. Baina gehiago sakondu aurretik, Grafediaren funtzionamendua azaldu beharrean gaude.


Nola egin naiteke Grafediagile?


Lehenik eta behin www.grafedia.net gunera sartu eta irudi bat, bideo bat edo dena delakoa igoko dugu, gako hitz bat emanez (nik adibidez argazki bat igo dut eta ?zelakoarupegia? gako hitza eman diot; Bigarrenik kaleko hormetan, autobus geltokietan, komunetako ateetan eta antzeko lekuetan loturak idatziko ditugu, kolore urdinez eta azpimarratuta (komun batean ?zelakoaurpegia? hitza ikusten baduzu ez zaitez larritu beraz, ez da ezer pertsonala); komunean irakurtzen duenak bere sakeleko telefonotik e-posta bidez mezu bat bidaliko du hitz hori erabiliz (gure kasuan ?zelakoaurpegia@grafedia.net? helbidera); azkenik mezua bidali duenak bere sakelekoan irudi, bideo edo kantu bat jasoko du, kalean aurkitu duen link horri dagokiona hain zuzen ere (?zelakoaurpegia? bidaliz gero, argazki bitxi bat jasoko duzue beraz).


Eta honek zertarako balio du?


Asmakizun berriekin gertatzen den moduan, erabilera bat baino gehiago izan dezake Grafediak: Artista gazteek beren obra zabaltzeko erabili dezakete, izan argazkiak, koadroak, abestiak edo bideoak; aldarrikapenerako ere balio du nahi izanez gero; lagun bati opari berezi eta pertsonal bat egin nahi? Grafediak aukera hori ere ematen du. Elkartrukean dago gakoa, misterio puntu batekin gainera, ezin baitaitezakezu jakin autobus geltokian irakurri duzun gako hitza erabiltzean zer iritsiko den zure sakelekora. Botilan bidalitako mezua bezala, Grafediagileek ez dakite nori zuzentzen dizkieten beraien loturak.


Gainera, telekomunikazioen inguruan diharduten konpainia handiei aurre egiteko balio du. Izan ere, gaur egun korporazio erraldoiak dira nagusi komunikazio interaktiboaren munduan eta herritar xumeak parte hartzeko dituen aukerak oso mugatuak dira. Horren aurrean Geracik zera dio: ?Grafedia tipo txikien aukera da, elkarrizketan sartu ahal izateko?.


Proiektu arrakastatsua


2004ko abenduan abiatu zen ekimen hau eta geroztik 2000 artxibotik gora igo dituzte erabiltzaileek www.grafedia.net gunera. Kalean egindako link hauen galeria txiki bat eskaintzen du guneak eta bertan Seattle, Brooklyn, San Frantzisko eta abarretan topatutako loturak daude. Ea laster Euskal Herrian ere zirriborro urdinak azaltzen hasten diren...

2 comentarios: