lunes, 6 de junio de 2005

Half Foot Outside: Iru?eatik (gezurra badirudi ere)


Half Foot Outside taldea Iru?ean sortu zen 1995 urte aldera. 10 urte pasa dira jada, eta disko mordoa. Edu Ugarte, taldeko bateriajolearekin aritu gara solasean, messengerr-ak ere horrelako kontuak errazten baititu:


Bostgarren diskorako lanean zaudete orain, zer aldatu da hamar urte hauetan?

Ba gauza asko, eta gutxi: Alde batetik ezer ez da aldatu, ilusio eta gogo aldetik, batez ere hainbeste denbora igaro ondoren egitasmoarekin jarraitzen dugula ikusita. Aldi berean gehien gustatzen zaiguna da, eta aurreko diskoetatik atera dugun esperientzia izugarria izan da, ez genuke inoiz imajinatuko horrela joango zenik kontua.

Bestalde, hasierako bi taldekide gaude bakarrik, baina denbora asko da batera gaudela eta ez da hain ezberdina. Orain ez ditugu gauzak hain itsuki egiten, azkar eta eraginkor izaten jakin dugu denborarekin, eta hori denboraren poderioz jakin dugu kontrolatzen.


Orain behintzat Carlos %100 duzue taldean, hobeto lan egiten al duzue Half Foot Outside-ekin buru-belarri arituz? Bete proiekturen bat al duzue?

Carlos Standstill-ekin zegoenean gauzak motelago joaten ziren, ez dago zalantzarik, baina oso ongi antolatzen ginen talde moduan jarraitzeko. Carlos Bartzelonan bizi da orain dela 6 urtetik hona eta Brian Madrilen bizi da, baina Bilbo eta Bartzelonan ere bizi izan da HFO-n zegoen bitartean. Muga geografiko hauek dira taldearentzat oztoporik handiena, baina urte t?erdi eta bi urtero diska kaleratu dugu eta astebururo aritu gara zuzenean jotzen. Gogoak badaude horrela egin daiteke, eta guk gogo asko ditugu. Brian Kidsgofree-n ere aritzen da eta diska bi urtero ateratzen dute ere, baina antolakuntza kontua da, esan bezala.

Suposatzen dut hobeto joango zitzaigula gurea egoera normala izango balitz, baina bakoitza leku ezberdinean bizi garenez oso zaila da gauza batetan kontzentrazioa mantentzea. Ongi doakigu horrela, Half Foot-en diska berria 8 hilabetero edukiko genuke hiri berdinean biziko bagina, astean birritan entsaiatuz. Ez dakidana da hori ona edo txarra izango litzatekeen, kar-kar-kar...


... Eta zergatik Bcore-n?

Hirugarren diska ateratzerakoan suertatu zitzaigun. Jordi oso tipo atsegina da, eta zigilua oso lagungarri suertatu da taldea ezagutarazteko. Talde batek bere kabuz biziraun behar duenaren sentsazioa daukagu, gero eta gehiago, zigilua bitartekoa baino ez delarik. Zigilu guztiek bezala gauza on eta txar asko ditu Bcore-k: leku batzutan bertan egoteagatik sartzen zara eta bestetan horrexegatik ez zara sartuko. Gu Half Foot Outside gara, gauza on eta txar guztiekin...


Kaki Arkarazo eta Hans Kruger izango dira grabaketaren arduradun, zer espero duzue haiengandik? Noiz izango dugu diska entzungai?

Asko espero dugu disko honekin eta noski, baita diska grabatuko duten bi maisuez eta nahasketak egingo dituen hirugarrenaz. Kakik esperientzia luzea du eta horrek konbentzitu gintuen. Estudio zoragarria du eta material oso ona, berarengana joateak beharrezkoa ikusten genuen soinu aldaketa handia ekarriko baitigu. Bestalde, Hans Kruger Half Foot-eko bostgarren kidea da. Taldean aritu zen hasieran, beste gauza batzuekin hastea pentsatu zuen arte, baina beti egon da hor, itzaletan, eta izugarria iruditzen zaigu berarekin grabatzea. Berak badaki zer nahi dugun eta lagun mina izatea oso onuragarria izan daitekeela uste dut. Produktore eta soinu teknikari moduan nahiko ezaguna egiten ari da, merezi duelako.

Azkenik, diskoari ukitu berezia emango diona John Agnello izanen da: oso handia da tipo hau. Musikalki gure influentzia nagusien artean dago, produktore moduan. New Jersey-tik ekarriko dugu diskaren nahasketak egiteko. Bostgarren diska honetarako handienekin grabatu nahi genuen.


Aurreko diskoan Start Acting Mean kantuaren bideoklip-a egin zenuten, honekin ere berdina egingo al duzue?

Bi bideoklip egitea pentsatuta daukagu. Bat ekainean bertan grabatuko dugu eta bestea aurrerago. Ideia asko daude bideoarentzat, argi dago modu ezin hobea dela taldearen lana osatzeko.


Nola definituko zenuke kantu sorta berria?

Ez nuke jakingo adjektibo bakar batekin definitzen, motz geldituko nintzateke. Aurreko diskoetan baino hobeto antolatu ditugu kantuak oraingo honetan, ez dakit, landuago daudenaren sentsazioa daukat. Baina nik esaten dizuedana motz geldituko da, hoberena entzutea izango da...


Eta gainera Underhill Record-en buru bezala zabiltza, zein da zure lana bertan? Zein ezaugarri daukate bertako taldeek amankomunean?

Bertako taldeetatik ezaugarri bat aipatuko nuke: lan egiteko gogoa. Musikalki definitzen oso zailak dira taldeok, asko gustatzen zaizkigun taldeak dira, eta jende zoragarria gainera. Hori da guzti honen ideia nagusia. Gure lana besteak beste taldeen lanak argitaratu, promo-a egin, eta birak antolatu da. Suposatzen da taldea arlo musikalaz arduratu beharko litzatekeela, beste guztia manager-aren edo zigiluaren lana da.


Zeintzuk izango dira zigiluaren hurrengo argitarapenak?

Moksha (Bartzelona) eta Kidsgofree-ren (Santander) diskak argitaratu berri ditugu. Eta oraintxe La Celula Durmiente (Bartzelona), Beewax (Norbegia), Ipanema (London) eta Arkanoid-en lanak aterako ditugu. Hau da aurten argitaratuko duguna, nahikoa lan izango dugu!



Pop-emo-rockaren inguruko mugimendua ikusten al duzu Iru?ean? Zein talde interesgarri ikusten dituzu zuen hirian?


Ez dago inolako mugimendurik! Ez nik dakidala behintzat... Badaude taldeak noski, eta entsegu lokalak ere bai, jende mordoa dabil lokalean ordu mordoa sartzen, baina jendeari eszenatokiak beldurra ematen diolako edo, kostatzen zaie taulagainera salto egitea.

Iru?ean El Columpio Asesino, Doubtful, Qwer, Souvenir, Leestones, Max Power daude, oso interesgarriak dira guztiak. Baina esan dizudan bezala, gutxi batzuk bakarrik ikusten dute argia.


Amaitzeko, norbait gurekin kontaktuan jarri nahi izan ezkero hemen kontaktua:


Hfo/Underhill Records

p.o. box 4220

31080 pamplona


Info +: www.underhillrcs.com

www.bcoredisc.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario