jueves, 9 de junio de 2005

FESTIMAD 2005: Hautsa, atzerapenak, azpiegitura txarrak... kontzertuak ahaztu al ditugu?


Seguraski entzunda izango dituzue festimad-en gertatutakoak. Atzerapenak larunbateko kontzertuetan, honen ondoriozko istiluak... guk hemen, bertan ikusitako kontzertuak aipatuko ditugu. Kontzertuak ere izan baitziren , eta ez edonolakoak gaitera.


Ostirala, 26:


12ak aldera iritsi ginen Madrilera. Dendak muntatu, bazkaldu ta kontzertuak ikustera. Ez zeukaten itxura txarrik egun hartakoek, are gutxiago larunbatekoek.


Kontzertu-gunera abiatu eta Legen Beltza euskaldunak ikusi genituen. Eskenatoki handian jotzen zuten, eta soinua ez zen izan zitekeen bezain ona, baina kontzertu nahiko ona eskeini zuten, heavi metal indartsua. Hau eta gero, inguruko dendatxo eta bestelakoak ikusten eman genuen denbora pixka bat (kontzertu-gunea zen mundu berri hori ezagutzeko) eta guretzako ezezagun ziren Estirpe ikusi genituen, beren kontzertuaren azken bi kantak jotzen. Itxura polita zuen, pena osorik ez ikusi izana.


Dena den, penak gutxi iraun zigun, Rip KC baitzetozen ondoren. Biluz-biluzik atera ziren madrildarrak: ?algunos se visten de heavys, otros de metaleros... nosotros...?. izugarrizko kontzertua. Rock-aren sustraien bila habitasen dira, 70 eta 60. hamarkadatara, eta era dotorean gaurkotu.


Hauek aho zabalik utzi bagintuzten, danbatekoa izan zen The Dillinger Scape Plan ikustea. Hardcore eta Noisecore-a, Converge-ren ikasle finak. Erritmo apurtuak, gitarra indartsu eta eroak, intentsitatea? ikusi beharrekoa.


Eta horrelaxe, ia konturatu gabe, iritsi zen The Hives en ordua. Hantxe agertu zitzaizkigun, beren traje txuriekin. Bata bestearen ondotik Tyranossaurus Hives diska bikaineko kantak jo zituzten, eta baita aurretikoak ere (Hate to say I told you so...). beren musika definitzeko onena, beren abeslari irrifartsu eta dantzalariak esandakoa: ?hasemos punk-rock, dos minutos!?.


The Hives-ek auzkeztu zizkiguten ondoren gainera zetozkigunak: Turbonegro. Beren mozorroekin (marineltxoa, homo-soldaduak?) eta beren punk-rock hereserkiekin. Gozagarria benetan, batez ere The age of pamparius eta Get it on kantuak. Oihuka kantatu zituen bertan bildutako ikuslegoak.


Kontzertua bukatu eta presaka abiatu ginen eskenatoki handietatik karpara, bertan jotzekoak baitziren Mastodon-eko mutilak. Diska (Leviathan, 2004) oso ona iruditu zitzaidan eta benetako gogoak nituen taldea zuzenean ikusteko. Eta diska ezer ez zela konturatu nintzen, zuzeneko itzela dute mutil hauek. Riff metaliko zorrotzak, ahots indartsuak eta batez ere bateria, inoiz ere gelditzen ez den bateria bat. Mastodon-en kontzertu bat ekaitza da, baina ekaitza eta gero sekulako bakea gelditzen zaizu barrenean. Froga eazue ahal izanez gero?


Ekaitzaren ondorengo barehaldia barrenean genuela, beste ekaitzaldi bat hasi zen: Slayer. Seguraski ez geunden horrelako beste jipoi bat entzuteko pretaturik... baina gauza da luze egin zitzaigula kontzertua, monokromoa. Taldearen fan sutsuek disfrutatuko zuten, baina guk egia esan, ez.


Eta gauaren bukaera iritsi zen, jada neka-neka eginda geundela: Marilyn Manson jauna. Ez dakit zehazki zer espero nuen beregandik, baina dakidana da ikusi nuena baino gehiago espero nuela. Estatu Batuarrak kontzertu zuzena eskeini zuen, ez dut ukatuko, baina antzoki batean ikusteko moduko emanaldia izan zela uste dut. Etengabeko arropa aldaketak, truko piroteknikoren bat... baina indarrik ez. Bolumena baju zegoen, taldeak diskan bezala sonatzen zuen, garbiegi, ongiegi, eta horrek guztiak freskotasuna kentzen zien. Gainera Marilyn inoiz baino lodiago ikusi genuen, ongi kantatzen, baina iragan denboretako erotasun punto hura gabe. Honi ere iritsi zaio heldu izateko garaia, hantza.




Larunbata, 27



Larunbatean jeiki eta dutxatzera abiatu ginen, baina ezinezkoa zen. Sekulako itxaron-lerroak. Iturrietan (hauetan ere itxaron beharra zegoen) burua garbitu eta besapeak freskatu eta zerbait bazkaldu ondoren, kontzertuak ikustera.


Hamlet-en emanaldira joan ginen, eguzki izugarri baten azpian. Soinu nahiko txarra izan zuten, eta ez zitzaien gustoregi ikusi, baina Festimadean ginen, eta euren klasikoak gogo onez jaso genituen.


Beroari aurka egiteko freskatu baten ondoren, Biok euskaldunak ikustera abiatu ginen. Karpan jotzen zuten eta bertako lehenengo lerroetan bildu ginen festimad-era animaturiko euskaldun gehienak. Giro ezinobea, beraz. Beren metal danbatekoak eskeini zizkiguten Biok-eko mutilek, nahiz eta gitarra batekin nahiko arazo izan. Ederki pasatu genuen.


Karpan jarraitu genuen ondoren ere, kanpoko eguzkitik babesturik. Bertan ikusi genituen NDNo Zaragozarrak eta euren rap-metala eta baita Hedtrip-en emo-core-a ere, jarraian. Kontzertu ederrak.


Baina hauek eta gero eskenatoki handian itxoiten genituenak rock-aren izen handi bat ziren: Hermano. Bertan dago kantari lanetan Kyuss talde mitikoko John Garcia. Kontzertu oso ona eskeini zuten, beren stoner-rock kantuak ederki joaz, gure gozamenerako. Azpimarragarria, batez ere, gitarristaren lana. Azkeneko bis-etan, gainera, Nick Oliveri taularatu zen, Kyuss-en Garcia-rekin batera aritutakoa eta orain dela gutxi arte Queens of the Stone Age taldeko bajista izan dena. Biek batera abestu zuten Kyuss-en Green machine kantua, Festimad-eko momentu onenetariko bat eskeiniz.


Dena den, ez zen hor bukatu stoner-rock erakustaldia, ondoko eskenatokian esperoan baikenituen Fu-Manchu taldeko mutilak. Soinu bikainarekin eta gogoz ekin zioten. Pena, ondoko eskenatokian gertatzen ari ziren arazo teknikoak zirela-eta, bertan behera utzi behar izana.


Hemen hasi zen, beraz, 2005eko Festimad-eko zatirik txarrena. Arazoak izan zituzten haizea zela eta (haizea ez zen beste munduko ezer... baina...) eskenatoki batekin. Ondorioa: kontzertuak atzeratu beharra, lau ordu inguru. Antolakuntzako jendearen komunikatua irakurtzeko www.festimad.es orrira sartzea duzue, tamalgarria, dena den.


Horrelaxe hasi zen, bada, Incubus-en emanaldia; 4 orduko atzerapenarekin. Jendea haserre zegoen ordurako eta californiarrek ere ez zuten duten onena eman. Besterik gabe, egokitu zitzaien kontzertu kaskar hura ahalik eta hoberen betetzen saiatu ziren, beren hit ezagunenak joaz. Kontzertu zuzena, besterik gabe.


Ordua iritsi zitzaien gero System of a Down-eko mutilei. Diska berria kaleratu berria zuten armeniar-amerikarrek eta, talde bezala, beren momenturik gorenenean daudela erakutsi zuten. Soinu bikaina, ahots joko zoragarriak, metala, funk-a, heavy-a, eromena... dena nahasten dute tipo hauek. Festimad honetan gehien espero zen kontzertua, eta kontzertu onenetarikoa.


Honenbestez, egun guztian zehar gelditu gabe egon ondoren, leher eginda geundela eta goizeko bostetan, hasi zen Prodigy-ren emanaldia. Askok pentsako dute erotuta nagoela, edo ez dudala lotsarik, baina, egia esan, ez nuen kontzertu osoa ikusi. Errua ez zen britaniarrena izan, ezta gutxiago ere, kontzertu oso ona eskeintzen ari baitziren. Baina nire gorputzak ezin zuen gehiago eta hurrengo egunean goizeko 8etan jeiki behar ginela jakinda, nahiago izan nuen ordutxo bat gutxienez lo egitea. Pena. Berez izan behar lukeen orduan jo izan balute (1:30) gauzak zeharo aldatuko lirateke, baina, dena ezin da.


Esperientzia nekagarria, baina zoragarria aldi berean. Nik behintzat umetxo batek bezala disfrutatu nuen (zer nahiz, bada, azken finean?) eta errepikatzeko intentzioa daukat datorren urtean. Iru?akoek esaten dugun bezala: ?Ya falta menos, ya falta menos...?


4 comentarios:

  1. Kronika bitxia Jon. Dena den, nire ohiko konponketatxo bat. Legen Beltza taldeak thrash metala jorratzen du. :)

    ResponderEliminar
  2. bai, egia esan metal estilo horiek ez dira nere fuertea, metallicaren lehen diskoen musika jorratzen dute. hori da thrash metala? jajaja. eskerrikasko!

    ResponderEliminar
  3. ez al dituzu gehiegi isildu egondako istilu eta hutsuneak?? Aurtengo FestiMAD oso gaizki egon zenik ezin dezakezu ukatu

    ResponderEliminar
  4. Kriston desmadria izan zan, baine nik kriston ondo pasau nauen. Hautsez beteta egun osua, biane nahiko ondo pasa genuen. Antzolakuntza penagarria izan zen eta montau zan guztixa pasada bat izan zan, kriston desmadria. Aurten ea nola itxen dauien dana, baina ondio nik ez dot ezer entzun.

    ResponderEliminar