martes, 14 de junio de 2005

Donosti Sound (I)


Gaur egun, orohar, talde donostiarrek egiten duten pop musika etiketa honen pean ezarri ohi da. Zehaztuz, batez ere eszena independentean, pop musika xalo, bigun eta kurtsi ustekoa ?Donosti Sound?en barne sartzen da; Family, Le Mans eta La Buena Vida izan daitezke musika honen adierazgarri behinenak. Dena den, hastapenetan izen honek ez zuen musika mota hau adierazten, 70. hamarkada bukaera eta 80.aren hasieran Donostian gauzatu zen eszena txiki eta labur bati izenburua eman baitzion. Bada, nahiko baztertu eta ezjakina den eszena honen berri ematen saiatuko gara datozen lerro hauetan..


Mugimendu honen giltzarria Santi Ugarte izan zen (2005eko martxoaren 3an zendua). Santi, orduko Donostiako bi disko-denda nagusien jabea izateaz gain Shanti Records izeneko zigilua sortu zuen tipoa izan zen. Zigilu honen bidez Donostian sortutako pop-punk ikutuko taldeak sustatu nahi izan zituen ?Donosti Sound? izenpean. Terminoa hortaz, Santi Ugartek sortutakoa da garai batean erabili zen ?Liverpool Sound? kontzeptuan oinarriturik. Funtsean hiru izan ziren eszena honetako taldeak: Puskarra, UHF eta Mogoll?n. Musikalki Ingalaterratik iristen zen punk, new wave eta popetik edaten zuten; esan nahi baita, The Clash, Elvis Costello eta The Jam bezalako taldeetatik. Era berean, urte batzuk lehenagokoak ziren baina Donostiara urte horietan ailegatzen ari ziren Velvet Underground edo Lou Reed-en musikaren entzule sutsu ziren. Garai berean Madrilen sortzen ari zen ?Movida Madrile?aren? anai txikia izan zen ?Donosti Sound? hau; madrildarrek bezalaxe, punk ukituko pop musika egiten zuten-eta.


Garai horretan Donostian Santiren disko-dendak zeuden, musika-talde berriak zeuden (aipaturiko Puskarra, UHF eta Mogoll?n-ez gain, Asco edo gerora Derribos Arias izango zen La Banda Sin Futuro...), eta hainbat taberna edo pub berri ireki ziren halaber. Tanit, An?monas eta batez ere El Huerto ziren garaiko musikazaleen topagune nagusiak. El Huerton zuzeneko emanaldiak egiten ziren eta aipatutako taldeon habia izan zen bertan eman zituztelarik euren lehendabiziko urratsak eta zuzenekoak. Giro honetan Santi Ugarte bera, beste batzuen laguntzaz Tibur?n (oraingo Get In enpresa arrakastatsuaren hazia) enpresa sortu eta Donostiarako musika programatzen hasi zen nazioarteko zenbait talde esanguratsu Velodromora-eta ekartzeko asmoarekin. Honi esker, Ramones, The Clash, Rory Gallagher, ACDC edo Status Quo gisako taldeak Donostian ikusi ahal izan ziren. Donostia estatuko hiri garrantzitsu bihurtu zen musikari zegokionez, Bartzelona eta Madril ondoren garrantzitsuenetako bat zalantzarik gabe.


Shanti Recordsek Puskarra, UHF eta Mogoll?n-en kantu batzuk biltzen zituen disko bat atera ondoren bira txiki bat egitera ekin zioten hiru taldeek. Euskal Herriko hainbat herritan zuzeneko emanaldiak eskaini ondoren Madril aldera joateko aukera izan zuten. Eta a zer nolako aukera gainera! Non eta ?Movida Madrile?a?ko bihotzean jotzeko aukera izan baitzuten, Rockola izeneko kontzertu-areto famatuan hain zuzen. Madrilerako bidaia gainera, hiru taldeek eta gisa guztietako lagun, kide eta abarrekoek osatzen zuten autobus batean burutu zen. Rockola bi aldiz betetzeko gai izan arren taldeon azkena nahiko gertu zegoen.


Izan ere, Donosti Sound-en bizitza ez zen oso luzea izan, eta ez zuen sona handiegirik izan ere. Disko bat, bizpahiru EP, kontzertuak eta kitto. Eta ez da gutxi! esango dute batzuk. Neurri batean, garai berean Euskal Herrian sortzen ari zen punk eta rock gogorraren eszenak (gerora Rock Radikal Vasco izena jarriko zitzaiona) jan zuen Donosti Sound hau. Paradoxikoa badirudi ere, punk gordina egiten zuten Euskal Herriko aurreneko taldeetako bat donostiarra eta Puskarra, UHF eta Mogoll?n-en garaikidea izan zen; Negativo taldea alegia. Donosti Sound-ek ez zuen Rock Radikal Vascok izan zituen laguntza, sostengu eta egitura izan eta historian galdu zen zenbait single txukun behintzat bidean utzirik.


Talde hauen historia ahaztu eta beste talde batzuei eman zitzaien gerora Donosti Sound izenpea. Arestian esan dugun lez, Family, Le Mans eta gaur egun, La Buena Vida izan daitezke izenemate berri hau jaso duten talde garrantzitsuenak. Talde hauek, bide batez, ez dute musikalki aurrekoekin harreman handiegirik, baina hori beste historia bat da, Donosti Sound (II) izenburua izango lukeena... agian.




10 comentarios:

  1. Artikulu txukuna!

    Bizi naizen herri/hiriak iragan azpimarragarria du. Dena den, Donostiako talde heavyak etiketa horretan sartzen ote dira. Kar kar. "Donosti Txima Sound"!

    Orain serio. Lan ona Be?at.

    ResponderEliminar
  2. Askorentzako taldekideak donostiarrak izatea Donosti Sound izateko nahikoa da... lotsa gutxi daukate PUSKARRA deitzen den talde bat VAN GOGHEN BELARRIA deitzen den baten saku berdinean sartzean...

    ResponderEliminar
  3. La Buena Vida aipatzen duzu, baina nik La Oreja de Van Gogh, Mikel Erentxun edo Alex Ubago ere ikusi izan ditut donosti sound etiketarekin. Bistan denez ez daukate zerikusi handirik hasierako talde horiekin... nola tergibertsatzen den historia!

    ResponderEliminar
  4. Los Serrano (Urdaiazpikotarrak nahiago) telesaileko sarrerako abestia adibidez ez dago batere gaizki... Bromak alde batera, egia da aipatutako hiruren artean duinena izango dela, baina tira... ez dut oso gustuko egia esan. Bestalde, harritu egin naiz Donosti Soundaren benetako jatorria ezagutzean, kosta egiten zait pentsatzea kuboen eta euskomartinien hiria (adjetibo gehiago jousilouliren kantuan bilatu) bihurtu dena garai batean hain undergrounda zenik. Garai haiek itzuliko balira...

    ResponderEliminar
  5. Egia da, Mikel Erentxun, La Oreja eta Alex Ubago ere zaku horretan sartu izan dira. Gaur egun Donosti Sound zer den zehaztea lan nekeza litzateke (hori Donosti Sound IIrako utzi beharko dugu), baina egia dena da Donosti Sound sortu zela sortu zen bezala, eta horren historia kontatzen saiatu naiz nolabait. Gero, etiketek egiten duten ibilbidea tesiak egiteko ematen du.

    P.D: Eh, baina Mikel Erentxunek gauza duinak egin ditu... ala ez??

    ResponderEliminar
  6. Pedanterismoan erortzeagatik aldez aurretikako barkamenak eskatuz, esan behar dut urdailazpiko ez dela jam?n serranoren itzulpen zuzenena. Urdailazpiko hitzak, antza, jam?n esan nahiko luke, jam?n eta kitto. Jam?n serrano berriz, urdailazpiko ondu lizateke. Beraz, eta deitura horrek serranoren beste adiera esan nahi ez duela suposatuz (mendiko/menditar, alegia), Los Serrano Urdailazpiko Ondutarrak lirateke.

    Ongi izan.

    ResponderEliminar
  7. baietz ba, urdaiazpikotarrena broma zela!

    ResponderEliminar
  8. Mikel Erentxunek oso gauza duinak egin ditu! bai Duncan Dhun eta bakarka...

    ResponderEliminar
  9. jajajajaja (ui barkatu) kar kar kar. Barkatu itzulpen kaskarra: The importance of bein Earnest = La importancia de llamarse Ernesto izenarekin itzuli zutenean bezala egin dut. Euskaraz ingelesezko izenburuaren zentzu osoa harrapatu diote: Fidel izatearen garrantzia. Baina noski, nola ipini La importancia de ser Franco-edo liburu bati? Ostia a ze paranoia, barkatu txapa, azterketen kontua izango da...

    ResponderEliminar
  10. Garai horretako mogollon taldeko partaidea naiz eta analisi ona eta buru zuzena duzula esan beharra daukat. Zorionak

    ResponderEliminar