domingo, 26 de febrero de 2006

Angel Erro: "Gure behi sakratu batzuk zaurituak sentitzen hasi dira"

Poesiari haize berria zulo txikitik ekartzen saiatzen dihardu Errok; egunerokotasunetik, hurbiltasunetik. Bere ustez, errazkerian erori izan da poeta asko Euskal Herrian (aitortu digunez, baita bera ere garai batean) eta gutxi landu den bidea da berea. Belaunaldi berriak datoz zaharrak hiltzera, baina oraindik ez dirudi indar aski dutenik.    

Bi aitzaki behar dira Angel Errorekin hitzordua egiteko. Bata duela hilabete batzuk kaleratutako Gorputzeko humoreak liburua, bestetik Garan idatzi zuen artikulua. Egunkarirako idazten zuen lehen artikulu hartan zer eta Bernardo Atxaga jaunak esandako bati aurka egiten zion! Izan ere, "poesia ligatzeko egiten da batez ere". Gainera, bere telefonoa ere uzten zuen inork gaiaz hitz egiten jarraitu nahi izango balu ere.

Ez zen, noski, denbora asko behar izan; telefonoa hartu eta saiakera bat. Sei tono. Ez du inork hartu. Beno, ba ez, "ez da bere benetako zenbakia izango". Literatura eta konpromisoari buruzko gogoeta bide egiten hasia zen ordurako. "Gaur egungo idazleek...". Telefonoa. Zenbaki ezezaguna. "Bai?", "Kaixo! Barkatu, ez naiz heldu", " Angel zara?", "Bai". Bi aitzaki besterik ez dira behar izan.
EREMULAUAK: Gorputzeko Humoreak hau argitaratutako bigarren lana duzu eta ahots poetiko helduagoa sumatzen zaie poemei.

ANGEL ERRO: Adina badut ahotsa finkatzen joateko, ez? Hasieran beldurrez hasten zara, denbora guztian barkamena eskatuz bezala, pentsatuz hau horrela egiten dut baina egin nezake beste modu batera... hori egia da, baina pixkanaka zurea zer den ikusten zoaz eta zer ken dezakezun, zer mantendu dezakezun...

ERMLK: Eta Harkadian ni (aurreko liburua) haren arrastorik ere, unibertso klasikoaren pisua agerikoa baita adibidez.

A. E. :Bai, klaro, kromoak bezala dira olerkiak; bilduma handitzen eta osatzen doa. Lehenengoko iruditeria oso mugatua eta finkoa zen. Nire buruari arau batzuk jarri nizkion eta ez nituen apurtu nahi izan. Honetan berriz, irudi eta erreferentzia horiek atzean utzi gabe -ze horiek ere nireak dira eta alzheimer-ak jo ezean nirekin eramango ditut-, beste unibertso batzuk sartu nahi izan ditut, beste mundu batzuk.

ERMLK: Pop art-ari sarbidea ireki diozu. Badirudi lehengo liburuan erreferentzia koadriga bazen, honetan Villabesa dela. Oso lan kontzientea dirudi gainera.

A. E. :Bai, esaten didaten arren Eta harkadian ni liburuak oso harrera ona izan zuela, nik ez nuen hori ikusten. Bigarren liburu hau gainean nuen klasiko etiketa hori kendu nahiean egin dut, nahiz eta oraindik zipriztin batzuk agertu hor eta hemen. Modernitaterako pausu hori egiten saiatu naiz eta hor Villabesak sartu ditut eta...

ERMLK: Eta Google interneteko bilatzailean agertzen den esaldi bat (Voy a tener suerte) erabili duzu olerki batean aipu bezala. Ausarta izan behar horretarako.

A. E. : Bai eta nik uste dut hori dela liburuaren punturik onentarikoa.

ERMLK: Umorean lehenago ere landu duzu, baina iruditzen zait horri ere beste buelta bat eman diozula oraingo honetarako.

A. E. :Nik poema hauek egin ditut pentsatuz lehengo liburukoak baino umoretsuagoak zirela, ironikoagoak. Gero berirakurtzean konturatu naiz ez zela hainbesterako. Halere, bide hori aukeratu dut eta ez dut uzteko asmorik. Beste batzuek xaboizko ponpak eta horrelako mundu poetikoak eraikitzen dituzte, nik oso argi ikusten dut umorea eta bertsolerroak elkartzeko aukera, eta aurrera.

ANGEL ERRO -VS- ANGEL ERRO

ERMLK: Beste irudipen bat badut nik hemen. Zure poesia modernitatera ekartzeko lana oso kontzientea izan dela esan duzu, baina uste dut poesia handitasunetik urrundu eta egunerokotasunera errenditzen saiatzeko esfortzua ere egin duzula. Hori adierazten duten poema franko  ikusi ditut liburuan, baina Poeta ezindua-ren olerkiak aparteko azterketa merezi duela uste dut. Bukaeran, batez ere, kritika oso gogorra dago.

A. E. :Bai. Poema horretan gertatzen dena da niri ere gertatzen zaidana. Lasai nagoenean eta mistiko jartzen naizenean oso gauza sakonak bururatzen zaizkit, baina gero hizkuntza labur geratzen zait horretarako. Baina, ez dut uste hori niri bakarrik gertatzen zaidanik, baizik eta jende askori.

Nire inguruan ikusten dudana poesia egiteko moduetan da askotan jotzen dela olerkian aipatutako horretara. Sakon iruditu nahi horretan biderik errazena hartzen da maiz. Nik ere har nezake bide hori, ez dakit...

Nik hau borroka bat bezala kontsideratzen dut esan nahi duzun eta esaten ahal duzunaren artean. Nik nire burua benzitua ikusten dut horretan eta egunerokotasunaren bide honetatik jo dut, baina porrota bistatik galdu gabe.

ERMLK: Porrota?

A. E. : Bai, nirea. Hemen, frakasatu guztiak bezala, hori aitortzen ez duten guztiekin sartzen naiz.

ERMLK : Gero, gainera, odol gaiztoz Gerrako haurrei buruzko poema idatzi egin egiten duzu!

A. E. : Hori oso poema zaharra da. Duela bost bat urtekoa, ni gazteago, berdeagoa eta tontoagoa nintzenekoa, uste nuenekoa gerrako haurrei buruz idazten zerbait egiten ahal genuela eta zerbait egiten genuela horren alde. Orain ez, orain soilik nire alde egiten dut.

ERMLK: Beraz, olerki horretan poeta klase horri eginiko kritikaz gain, Angel Erro berriak hil egiten du Angel Erro zaharra.

A. E. : Seguruenik bai. Olerki hori gainera, Iruñeko Udalaren literatur sariketa irabazi zuen nire lanetik hartu nuen.

ERMLK: Zure liburuaren beste zutabe bat hurbiltasuna dela esango nuke, lagunen izenak ageri dira... eta ez dakit hori olerkigintzan orokorrean gutxi ageri bada, euskal poesian ez al da gutxiago  ikusten?

A. E. : Nik susmo hori daukat, euskal olerkigintzan, ez bide bat, baizik eta autopista bat dago egina eta denek ez, hori orokorkeria litzateke eta nire partetik, baina bai askok hori hartzen dutela errezena delako. Eguneroko kontuen bidezidor hau bertan behera utzia izan da, hizkera zaindua baina ulergarriarena...

BEHI SAKRATUAK MINDURIK

ERMLK: Interneten ere aritzen zara Volgako batelarien blog-ean jo eta su eta hona nik bi artikulu ekarri nahi nituzke. Lehenak (egin klik hemen) hauxe planteatzen zuen; euskal klasiko erabili eta finkatu eta errotu baten falta hori transgreditzeko.

A. E. : Azken finean denek dakite hau; belaunaldiak tartekatzen doaz eta belaunaldi berriek zaharrak hil egin behar dituzte beren presentzia eta status-a bermatzeko. Hemen ez da hori gertatu, ez behintzat neurri berean. Adam swaizneskik poeta poloniarrak horixe esaten du poloniaz; han Milo, Hebert eta Szymborska poetak izan dira eta orain gazteak ez dira ausartzen horiengandik apartatzera, haiekiko sentitzen duten miresmenagatik.

Euskal Herrian herri txikia izateagatik, hizkuntza txikia izateagatik, minusbaloratua izateagatik edo dena delakoagatik berdina gertatzen da. Horri gure tradizio falta gehitzen badiogu, tempu eternu horretan gera gaitezke, ez aurrera eta ez atzera, eta horregatik artikulu horretan proposatzen nuena zen apokrifo on batzuk, baina on-on batzuk, egitea.

Azken finean, poesia solasaldi bat da tradizioarekin. Eliot-ek esaten zuen hori; poema bat askatzean sistema literario guztia kolokoan jartzen da ze honek aurretik datozen eskemetan integratu egin behar du eta ikusi egin behar da zer indar eragiten duen. Nik pobrezia hori ikusten dut hemen.

ERMLK: Eta belaunaldi berri hori ikusten al duzu orain?

A. E. : Niri usaia iristen zait, ezen gure behi sakratu batzuk zaurituak sentitzen direla, ez gehiegi maitatuak eta hori izan daiteke gauzak aldatzen ari direneko seinaleren bat, baina ez dakit... agian bai.

ERMLK: Aipatu nahi nuen beste artikulua hona ekarri gaituena da, Garan zure telefonoa eta guzti zuen hura. Bertan Bernardo Atxagak ligatzeko idazten duten poeten aurka esandako hitzak erabiltzen zenituen zure iritzia agertzeko; poesia ligatzeko ere egiten dela diozu.

A. E. : Ligatzeko ere, edo batez ere horretarako (irri egiten du). Bueno, txantxa gisa ere har daiteke hor esandakoa, baina nahikoa sinetsita nago horretan. Azkenean nik uste idatzi, munduko beste edozein gauza bezala, maitatua sentitzeko egiten dela. Batzuek pentsatzen dute maitatuago eta gizartean hobeki integratuta egongo direla poema sozialak eginez eta gehiago ligatzen dutela gaztetxearen aldeko olerkiak idatziz. Musika ere horretarako egiten dute musikoek, dena egiten da horretarako, jaio ere horretarako egiten da.

ERMLK: Uste dut elkarrizketaren titularra eman didazula hortxe. kar kar. Berriz bueltatuko naiz halere liburura. Gorputzeko Humoreak honetan inoiz baino gehiago biluztu zara. Eta liburuan aipatzen dituzun hiruzpalau lerro ditut hori komentatzeko, hauexek; "Batzuek noiz ikasiko ote dute bereizten /ni poetikoaren eta nire artean". Benetako Ni horren eta ni poetiko horren arteko muga ez al da inoiz baino estuagoa?

A. E. :Hor dago jokoa. Azken finean liburu batean, edozeinetan, baita autobiografietan ere, egiten duzuna da Ni bat eraiki. Ni hil egingo naiz eta nitaz geldituko den irudia hori izango da, eraikitako Ni hori. Hau benetako ni izateak edo ez, ez du inolako garrantzirik.

ERMLK: Horrekin nahikotxo jolasten duzu, erakusketa eta ezkutaketa horrekin.

A. E. : Nik hau dena dibertitzeko modu bezala ikusten dut. Badaude gauzak nik badakizkidanak egia direla eta jendeak gezur moduan hartuko dituenak, baina badaude kontrakoak ere. Dena apur bat biografoei lana emateko dago egina, haiek ere jan egin beharko dute eta.

ERMLK: Metrikarekin ere jolastu duzu.

A. E. : Eta harkadian ni-n metrika zuten poemak ez ziren hainbeste, hiru edo. Oraingoan gehiago daude. Batez ere, totem bezala sonetoa hartu dudalako. Poema erdiak soneto ageriak edota haien bariazioren bat dira.

Metrikarena ere tradizio bat da, batzuetan kasu egin diezaiogun dago hor eta beste batzuetan apur dezagun. Halere, aukera hori egiterakoan kontuan izan behar da metrika poema baten etsairik handiena izan daitekeela. Nik hori jakinik ere, ausartu egin naiz oraingoan, batzuetan behintzat.

ERMLK: Eta harkadian ni-ri eginiko kritika franko daude interneten, Gorputzeko humoreak-i egindakoak berriz, bi besterik ez. Zer esan dizu jendeak?

A. E. : Esan didate epigrama gehiago egiteko. Kar kar kar.

ERMLK: Kar kar kar. Eta zuzen ari dira?

A. E. : Oraindik aztertzen ari naizen gauza bat da. Hala egingo banu, epigrama liburu bat prestatuko banu titulua ere pentsatua dut, baina ez dakit esatea komeni zaidan (grabagailua seinalatuz). Gauzak aldatu egin daitezke, edo zu aurreratu edo... kar kar.

ERMLK: Halere jendeak nahiko harrera ona egin dio ez?

A. E. : Ez dut inpresio txarregirik. Jendeari gustatu egin zaio eta lagunek ere irakurri didate haiek agertzen zirelako. Hala, irakurlego kopuru bat finkatu dut eta pentsatu dut aipu zuzenen bidea jarraitu egin beharko dudala irakurle kopurua ere handitzen joan dadin.

GENEROKO POEMA BAT

ERMLK: Liburua lau sailetan banatu duzu; melankolia, hazia, odola, tinta. Denak ere humoreak. Odolarena iruditu zait interesgarriena, hetereogeneoena ere badelako, behintzat gaiari begira. Odola horretan dagoen olerki bat komentatu nahi nuke orain, Goizaldea deitutakoa.

A. E. : Niri eta editoreari poema hau asko gustatzen zaigu. Titulutik beretik bi tradizio, bi poeta ekartzen dizkit gogora. HIDELBIENDA batetik, egoera bera aipatzen duen poema bat; maitaleak lanera joan behar du, bueno lanera (bere olerkiari begira)... bai, bai lanera (kar kar kar) eta bestea triste gelditzen da. Beste poeta askok ere badute halakoren bat eta egia esan, tradizio oso luzeko gaia da, generozko poema bat da eta hori dakienak gehiago disfrutatuko du irakurketarekin.

Bestetik, gogoa nuen gure inguruan entzuten ditugun mezu politikoak hartu eta maitasun poema batean biltzeko. Hori ere ez da gauza berria, baina uste dut asmatu dudala ezker abertzalearen ingurutik esaten diren proklamak maitasunezko poema batean integratzen. Ez dakit ausarta den hori edo ez, edo nola jasotzen duen jendeak.

ERMLK: Ez duzu kexarik izan beraz?

A. E. : Akaso ez dute irakurri behar luketenek irakurri.

ERMLK: Galdera honekin bukatu nahi nuke elkarrizketa, mundu klasikoari erreferentzia egiteko tentazioa handiegia da eutsi ahal izateko. Nola bukatuko litzateke hau, zer galderarekin, Platon eta bere ikaslea bagina?

A. E. : Ohean.

ERMLK: Eh?

A. E. :Ohean eta...(ninfek irri).







Poeta ezindua

Poeta -irratian Bachen txakona- eserita dago argialdia
Egin zaionean: inor ez da egiazki zoriontsua.
Bere ezagunen zerrenda ez gutxitua birpasatu du
Eta haien bizitzen zoriongabe intrinsikoa ezagutu,
Baliteke haiek ez konturatzea lanpetuta baitabiltza
Huraxe ahazten, lan egiten, kafe batean biharko
Gelditzen, alferrikako polemikak nirekin edukitzen.
Poetak erabaki du hor badagoela poemarako gaia

Eta -zoriontsu irudi- paper bila doa.
Ez. oraindik ez du ezer idatzi, argudioa ondu nahi du.
Ahula da oso, edonork lezake erantzun,
Poemaren klimaxa guztiz hondaturik,
Lan egitea, kafe batean biharko gelditzea,
Alferrikako polemikak nirekin edukitzea dela hain zuzen
Zoriontasun delakoa. Eta berak badaki ezetz.
Ez du inor konbentzituko.
Berriz idatzi du, beraz, edoezein poema
Gerrako haurrei buruz.



Goizaldea

Ez nire ondotik aldendu,
Ez joan, ez erre autobusik,
Oraindik ez da gaua hoztu,
Iraun ohean bihar arte.
Aberriak ez zaitu behar
Nik beste.
Badakit, denok zerbait eman
Behar dugu gutxi batzuek
Guztia eman ez dezaten.
Baina nik ez zaitut zu eman nahi.

Oraindik ordubetez edoo
Egon gintezke jo eta ke.
Oso maitatu dutenen lo
Akigarriaz loak hartu.
Gaua ez da berandu arte
Partitzen izara urdinetatik,
Amarra dezagun ohera.

Baina, ikusten dut, bazoaz.
Hotzikaraz nago, bakarrik.
Dena uler dezaket, dena.
Herriak ez du barkatuko, nik bai.

6 comentarios:

  1. Bua, azkenekoa izugarri gustatu zait.

    ResponderEliminar
  2. Angel Erro bai chapeau! baina kazetaria... kontua da hemen dagoen testuan zuzenketa batzuk falta direla eta poeta batzuren izenak gaizki daudela. HIDELBIENDA ez da existitzen (edo nik ez dut ezagutzen) Gil de Biedma da zuzena, Milosz, Herbert...
    sentitzen dut zinez. Nire hanka sartzea izan da, ez Angel Errorena.

    ResponderEliminar
  3. Goizaldea! pasada bat, benetan ederra.

    ResponderEliminar
  4. eremulauak meets volga! nice new for the online basque literature fans! i hope i would write the next message in basque, i'm learning now. agur!

    ResponderEliminar
  5. GALDERA BAT DUT: SER IRUDITXEN ZAIZUE EUSKERAS EGITEN DIREN LITERATU KRITIKAK? ONDO EGOTEN DIRA? SEIN EGUNKARIAN DIRA? INTERESATUA NAIZ.

    ESKERRIK ASKO.

    ResponderEliminar