lunes, 20 de febrero de 2006

Gaztelupeko Hotsak topera lanean!

Soraluzeko disketxea albiste iturri dugu berriro ere. Otsailetik udaberrira kaleratuko diren diskoen aurrerapen osoaren berri eman digute eta zenbait sorpresa eraman ditugu: Sexty Sexers eta Keuren disko berriak eta Mugaldekoak disko-liburuaz gain, Rafa Ruedaren bakarkako lan berria, Four Friends taldearen bigarrena, 3000 Hombres eta Los Coronas madrildarren lan berriak eta Gasteiztik datorren Atmoog taldearen euskarazko trip-hopa kaleratuko ditu Gaztelupeko Hotsakek.

Lehenago hemen hitz egin genuen Sexty Sexers, Keu eta Mugaldekoak egitasmoari buruz.


Rafa Ruedaz hitz egiten hasita, aurkezpenak soberan daude: Pi LT taldeko frontmanak ez du inolako arazorik izan bakarkako proiektu arrakastatsuak aurrera eramateko. 2003. urtean kaleratu zuen Metak disketxearekin bere lehen bakarkakoa eta geroztik han hemenka sarritan ikusi dugu bere izena, dela Mikel Urdangarin eta Kirmen Uriberekin egindako ikuskizunetan, dela Ehungarrenean Hamaika diskoan... Lan horiek amaituta sartu zen Katarain estudioetan, Jonan Ordorikarekin bakarkako bigarrena prestatzeko. Martxoan ikusiko du argia diskoak eta Saredun eskua izango du izenburua.


Bigarren diskoa dute Bilboko lau lagunek, Four Friends taldeak alegia. 2003ko Bilbop lanaren ondoren, aurtengo martxoan kaleratuko dute Dzanga izeneko bigarrena. Ohikoa duten swing-etik abiatu eta estilo aniztasunean murgildu dira bilbotarrak, rockabillyan, mamboan, jazzean, bluesean edota funkean sakonduz. Gainera, ohiko laukoteaz gain, hainbat eta hainbat lagun bildu dira diskoan kolabortzeko: a lot of friends!


Madrildik 3000 Hombres eta Los Coronas. Leku beretik etorrita ere eskaintza desberdina dakarte bi taldeek: 3000 Hombres taldeak musika afro-amerikarra du oinarrian, jazza, bluesa, funka, reggaea eta antzekoak alegia. Orain artean bi disko kaleratu dituzte Gaztelupeko Hotsakekin biak ere, eta Baila Señorita? berri honekin dantzan jarri nahi dute entzulegoa. Los Coronas taldeari dagokionez, rockanrrolla eta surfa dituzte oinarrian. Lehenago hiru lan zituzten kaleratuak eta Hotsakekin aterako dute martxoan beren azken lana. Momentu gozoan daude madrildarrak eta Soraluzetik esan digutenez 16 kanta biltzne dituen Surfin' Tenochtitlan diskoa estilo horretako klasikoen parekoa da.


 

3 comentarios:

  1. Asko eskertzen da disketxe honek egiten duen lana. Urte askotarako izan dadila!!!! Nik erosiko ditut bi. Ruedarena eta 3000 hombres. Flipanteak biak!!!!

    ResponderEliminar
  2. ostras! eta Atomoog? Sorkunekin aritzen zen teklatujolearen taldea da! Eremu Lauak-en izango al dute tokirik?

    ResponderEliminar
  3. ostras? joder, hurrengoa zer izango da, kortxolis? raios y centellas?

    ResponderEliminar