jueves, 2 de febrero de 2006

"gaur ez dut deus ere aipagarririk, bihar itzuli!"

Patxi Huarte Iru?eko marrazkilari ezagunarentzat Berria egunkariko "Tartea"n egunero-egunero argitaratutako lanek euren ordaina izan dute. Zaldi eroak -ezizen horrekin baita ezagun- 2 urtetan zehar argitaratutako altxorrik preziatuenak ahanzturaren kutxatik atera eta liburu batean dakarzkigu apain-apain, komikizaleon gozamenerako.
E.L. “De rerum natura” liburuak zer dakarkio irakurleari?
Hamabost euroko galera. Eta liburu-dendan kuskuxeatzen segitu ezkero galera handiagoa izan daiteke. Hobe duzue dendan begiak itxita sartzea, nire liburua eskatzea, ordaintzea eta alde egitea. Aurrezten da.

E.L. Azken bi urtetako lanen bilduma da liburua. Urtetako lanaren aitorpena al da?
Bai hala uste dut. Alde batetik editoreak jarritako arretarengatik eta bestetik jendeak liburuari buruz esandakoengatik halako aitorpen moduko bat jaso dut, dudik gabe.

E.L. Egin dezagun urtetan atzera. Korrok literatur aldizkarian egin zenituen komikigintzan lehenengo urratsak. Nolakoak izan ziren hasierako garai haiek?
Beno…garai haiek ez nituen “lehenengo urratsak” bezala sentitzen. Sekula santan ez dut “Ibilbide” baten kontzeptua izan (orain aldiz bai:adin kontua). Korroken, batez ere, ongi pasatzen nuen merendu eta afari umoretsuetan. Ez nuen apenas marrazten, maketazioan aritzen ginen. Dena eskuz egiten zen. Mamma mia zer zaharrak garen!!

E.L. Geroztik TMEO, Nafarkaria, AIZU eta beste hainbat aldizkaritan argitaratu dituzu komiki tirak. Euskal Herrian komikigintzak jateko haina ematen al du?
Jateko bai. Edateko ez. Edateko beste gauza batzuk egin behar izaten ditut: webguneak zaindu, erakusketak zaindu, hitzaldiak saltzen saiatu…..

E.L. Zure komikiak gizarte-kritika egiteko baliatu izan dituzu beti. Ba al da herritarroi begiak zabaltzeko modurik?
Ez dut uste. Begiak itxiak dituenak bere abantailak ditu, besteak beste ez du deus ere irakurri beharrik eta loteria erostearekin aski du.

E.L. Itogarria al da egunero-egunero gai baten inguruko zure interpretazio pertsonala umorez eman beharra?
Ez. Nahiko ongi daramat. Batzuetan bai, erabat hutsik zaudenean, deus ere ez esateko ez duzunean, orduan asko sofritzen da. Badakizu hurrengo egunean  zaletu hoiek halako itxaropen txiki batekin hurbilduko direla zure marrazkietara eta ez dutela ezer jasoko.  Baina zer egingo diogu!.Halakoetan gustora jarriko nuke: c

E.L. Pozik al zaude liburuak orain arte izandako harrerarekin?
Bai.  Ez da Best-Seller bat baina oso kritika onak izan ditu. Jendeak oso gauza politak esan dizkit. Nire Egoa hustutzeko (kalkuluak egin ditut) hamar urte pasa beharko dira. Tartean espero dut “jasangaitzegia “ ez izatea.

E.L. Durangoko Azokan izan zinen liburuak sinatzen. Euskal Herrian politikagintzak literaturari ere itzal egiten al dio?
Nire anai nagusiak txiki-txikitandik erakutsi zidan dena Politika dela: ogiaren prezioa ere bai. Nire liburua ere Politika da. Eta dudarik gabe beraiena ere Literatura da.

E.L. Bukatzeko, aukeratuko al zeniguke liburuko tira bat zure lanaren aurkezpen gisa?
Tira hau gustoko dut. Egun batean ohartu nintzen nire katuari berdin zaiola argia piztua dagoen ala ez, berak ez duelako argiaren beharrik, eta konturatu nintzen berarentzat nahiko bitxia izango zela argien itzali eta pizte kontu hori. Eta tira hau egin nuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario