viernes, 24 de febrero de 2006

Literatura Unibertsaleko beste bi liburu euskaraz

Alberdania eta Elkar argitaletxeek argitaratzen duten "Literatura Unibertsala" bildumako 116 eta 117. liburuak kaleratu berri dira. Dorothy Parker-en Hona hemen gu biok eta Danilo Kis-en Hildakoen entziklopedia dira liburuok, Mirentxu Larra?aga Sueskun eta Monika Etxebarriak itzuliak, hurrenez-hurren.
Dorothy Parker (1893-1967) New Jersey-n jaio bazen ere, New Yorken bizi eta bertan osatu zuen bere ibilbide literarioa. AEB-etako ipuingintzako aldi gailenetariko bat bizitzea egokitu zitzaion beraz. Garaiko beste idazle estatuabatuar handien antzera (Faulkner, Scott Fitzgerald, Cheever, Carver, Salinger, besteak beste) egunkari eta aldizkarietan ipuinak argitaratzen zituen Dorothyk, zutabegintza, poesia, gidogintza eta bestelakoak jorratzeaz gainera. Giro horretako emakume idazle bakarrenetakoa (Flannery O´Connor-ekin batera), hain zuzen emakume idazleak gogora ekarri ditu liburuaren itzultzaileak, tartean euskaldunak ere (Karmele Jaio, Sonia Gonzalez, Inma Errea, Uxue Apaolaza). Liburua, Dorothyk aldizkarietan argitaraturiko ipuin bilduma bat da (jatorrizkoan, Anthology of stories from THE PORTABLE DOROTHY PARKER), nahiz eta Xabier Mendigurenek adierazi duenez, ipuin guztiek nolabaiteko hari eta giro bera izan. Giza harremanen gaineko, eta bereziki, gizon emakumeen artekoen inguruko kontakizunak topatuko ditugu liburu honetan.

Danilo Kis (1935-1989) serbokroaziarraren Hildakoen entziklopedia (jatorrizkoan, Enciklopedja Mrtvih) ere kontakizunen bilduma bat dela esan daiteke, idazleak eleberri-entziklopedia dela azaldu zuen arren. Ipuinek, euren artean heterogeneoak izan arren, badute hari komun bat; heriotza, hain zuzen ere. Idazle hau Alemanian eta, batez ere, Frantzian, nahiko ezaguna bada ere, Espainian ez du oihartzun handirik izan (duela urte gutxi batzuk arte ez zegoen bere lanik itzulita). Euskal literaturan azken aldian Europako erdialde eta ekialdeko herrietako literaturarekiko jakin-mina pizten ari dela dirudi (Hrabal, Iwaskiewickz, Kertész-en itzulpenak besteak beste), eta jakin-min hori asetzen lagundu dezakeen liburua duzue "Balkanetako Borges" deitu izan zaion idazlearen hau.

Gure hizkuntza ttipi (eta era berean unibertsal) honetatik literatura unibertsaleko parte diren bi liburu irakurtzeko parada ezin hobea duzue, honenbestez, honako hau.

No hay comentarios:

Publicar un comentario