martes, 21 de febrero de 2006

Hemen behetik ikusten da ba blog literario dezente

("Ni naiz eremu lauean oihuka ari dena" dio Gorka Bereziartuak)

Mamu bat dabil euskal blogintzan, blog literarioen mamua. Pasa den asteko ostiralean Donostian izandako mahai inguruaren ondoren literatur blog bat denaz eta ez denaz zertxobait idatzi dute batzuek han eta hemen, eta modari jarraitzeagatik (ez pentsa benetan asko axola zaigunik) eremu lauetatik gure iritzia eman nahi dugu.
Nonbaitetik hasteko, agian artikulu hau motibatu duen testutik abiatuko gara: Julen Gabiriaren blogean irakur dezakegunez, beti bere ustetan bitakora literario batek honako ezaugarriak izan behar ditu:

1. Sortu ahala, jendearen aurrean publikatzea.
2. Osotasun bat daukan obra bat publikatzea, dela nobela, poesia, itzulpena edo dena delakoa.
3. Testuaren tripak erakustea.
4. Ez derrigorrez, baina interesgarria da autoreak berak testu horri buruzko argibideak ematea; zergatik jarri duen hau edo bestea.

Gainera Gabiriak, nire ustez azkarregi, esan du Luistxo Fernandezek egindako Queneauren Estilo Ariketak liburuaren itzulpenak sareratzeko hasi berri duen bloga dela euskarazko bitakora literario bakarra. Ziur?

Labur esango ditugu kontu hauek sortu dizkiguten zalantzak: 2. ezaugarrian osotasun bat daukan obra esaten du Gabiriak, eta poesia, itzulpena nobela edo "dena delakoa" aipatzen dira. Basamortuan bizitzearen kontua izango da, baina nire ustez ipuingintzak, eta batez ere ipuingintza laburrak ez dio inori kalte berezirik egin (laburra eta ona, birritan ona; laburra eta txarra, ez hain astuna) sailkapen horretatik kanpo geratzeko eta "dena delakoa" horren zakuan galtzeko. Hau da, ipuinak, lan osoak dira bere horretan, nahiz eta orain artean Gutenbergen galaxian bizitzearen poderioz liburu formatua hartu behar izan duten eta bilduma moduan argitaratu. Baina ipuin asko kaleratu dira liburu berean egonda ere elkarrekin inolako loturarik ez zutenak, horrek beraien osotasunean eragin gabe.

Eta gure blogintzan badira, izenburuan esan bezala, blog dezente ipuingintza lantzen dutenak: Ganbara Beltzen Kluba, Barnemuinetan, Metropolitan... etortzen zaizkit burura boteprontoan baita (gora autobonboa!) webgune honetako Lekuak atal polemikoa eta neure bloga ere. Distantzia kontua izango da: eremu lauetako pariak gara agian, Magabilak esaten duen bezala, idazle eskasak, eta normala ere bada han goiko jendeak kasu gutxi egitea (ez gaizki hartu Julen, hemen esaten dugun ia gehiena bezala, hitz joko erraz bat egitea besterik ez zen nire helburua. Ez naiz serio ari).

Bestelako zalantzak ere sortu dizkit Gabiriak ezarritako lau puntuko sailkapenak: Non dago feed-backa? Non testuaren linealtasuna apurtzea? Non irudien, koloreen eta abarren presentzia (iupi)? Baliabide berriek erabilera berria eskatzen dute, donostialdeko blogari honek maisuki erakusten duen moduan. Horrelako ezaugarriak dira agian, blogintzaz ari garela, garrantzitsuenak, idazle-irakurle harreman berri bat sortzen dutelako, bi norabidetakoa eta azken emaitzan eragin beharko lukeena.

Bestalde, geratzen zaigun seriotasun apurra alde batera utzita, asteburuan Volgako Batelarienean kaleratutako elkarrizketa interesgarrira ere jo behar dugu, laburrago agian, aspergarri samarrak ere bagara eta batzuetan. "Eskeptizismo puntu bat" azaltzen zuten Volga aldean literatur bitakorek izan dezaketen benetako eraginaz. Tar, tar tar askoren ondoren, Luzio eta Zigorren arteko solasaldiak honako esaldira eramaten gaitu: "blogek beren gauzatxoak plazaratzeko aukera merke eta erraza eskainiko zietela beste garai batean haien testu kaxkarrekin argitaletxeak gogaitzen zituzten idazle-gurei".

Hori irakurrita kazetari sena piztu zait: Volgako batelarien helbidea begiratu dut. Eibar.org-en bizi dira. Aiba! Baita Xabier Mendiguren editorea ere! Han dauka behintzat bere bloga! Volgakoek badakite zerbait beraz. Esaldi hori ez da kasualitatetik sortu. Konfidantza giroan, bizilagunen artean aitortutako zerbaiten baten ondorioa da. Eta gainera Mendiguren izan da, Jakin aldizkarian gai honetaz argitaratu duen artikuluan, blogen aldeko defentsa sutsuan aritu denetako bat. Ai ama... hau guztia ikusita hipotesi bat etorri zait burura:

Ez ote da literatur blogen kontu hau editore akitu eta nazkatuen konplot bat izango? Argitaratu nahi ez, baina derrigorrez irakurri behar dituzten milaka eta milaka liburuak gainetik kentzeko blogak sortzera animatu dute jendea. Eragin handiko pertsonak dira, oso pertsuasiboak, eta bistan da egindako lanak fruituak izan dituela. Ziur azken urte honetan idazle-nahi gutxiago hurbildu direla argitaletxeetara, eta adibidez badmintonean edo petankan (zein da editoreen kirola?) jolasteko denbora gehiago izan dutela. Edo agian ez. Dakitenek erantzun dezatela. Beste batean gehiago.

7 comentarios:

  1. jejeje, nik ere esaten nuen ba "Han goitik" hori hitz joko txatxu bat besterik ez dela... Barkatu gaizki hartu baduzu, nik 'Zoncera' Aranbarriar bat sortzen lagundu nahi nuen, ez besterik.Gainera, aspaldian nuen GBKlub, Barnemuinetan eta abarrei buruz hitz egiteko gogoa, eta haiei txaranga piskat emateko baliatu dut artikulua. Bestalde, zu ere Eibar.org-eko klubekoa izanda, ez zara ba editoreen lasaitasunaren aldeko konplotean egongo ezta? Susmatzen hasi beharko dut...

    ResponderEliminar
  2. Tira, bederen humorearekin hartzen dituzue gauzak, hipotesia benetan borobila da, kar, kar, kar.
    Ez Julen Gabiria hori bezala, edozein txorradagatik moskeatzen dana, bea izan zan volgakoen idazleen eskolaren kontuarekin haserre erantzun zuen bakarra. eta oain blog literarioak zeintzu diran jakiteko patenteak banatzen ez ditu ba

    ResponderEliminar
  3. Eta ez ahaztu http://www.blogak.com/euskarapoesia bloga. Agian denetan berriena izango da, baina oso ondo dago!

    ResponderEliminar
  4. Blog literario batzuk aipatu dituzu goiko artikuluan Gorka, baina beste batzuk alde batera utzi dituzu: Julenneren sindromea (http://sexpir.blogspot.com) etortzen zait burura. Aspaldi honetan jarraitzen dudan literatur bloga da eta testu paregabeak daude bertan.

    ResponderEliminar
  5. GALDERA BAT DUT: SER IRUDITXEN ZAIZUE EUSKERAS EGITEN DIREN LITERATU KRITIKAK? ONDO EGOTEN DIRA? SEIN EGUNKARIAN DIRA? INTERESATUA NAIZ. ESKERRIK ASKO.

    ResponderEliminar
  6. GALDERA BAT DUT: SER IRUDITXEN ZAIZUE EUSKERAS EGITEN DIREN LITERATU KRITIKAK? ONDO EGOTEN DIRA? SEIN EGUNKARIAN DIRA? INTERESATUA NAIZ. ESKERRIK ASKO.

    ResponderEliminar
  7. GALDERA BAT DUT: SER IRUDITXEN ZAIZUE EUSKERAS EGITEN DIREN LITERATU KRITIKAK? ONDO EGOTEN DIRA? SEIN EGUNKARIAN DIRA? INTERESATUA NAIZ. ESKERRIK ASKO.

    ResponderEliminar