sábado, 25 de febrero de 2006

Igandea

Bihar igandea da.

Ana Urrutiak iragarri duenez, euri arriskua handiagoa izango da bihar, igandean. Baina euriarena bakarrik. Igandean zerutik tantak eroriko dira, baina hori besterik ez. Ez dira aldamioak eroriko, eta ez zaio poesiarik idatzi beharko, adibidez, langile eraildu bati.
Bihar igandea da. Edo agian gaur. Zu agian ajea edozein modutara pasa nahian zabiltza eta testu hau aukeratu duzu. Aukera txarra.

Bihar igandea da, eta 14 urteko neska hortera samar batek batek negar egingo du goizeko ordu txikietan arazo kardiologiko bat tarteko. Diskoteka baten atean izango da hori. Agian modu matematikoago batean azaldu behar dugu:

ez + zure lagunak titi handiagoak ditu + tragoak + porroak + X = BOOOOM! (Baldin eta X droga sintetikoren bat bada noski, bestela  emaitza POF! izango bailitzateke, denok dakigun moduan).

Bihar igandea da, eta Jon izeneko nerabe batek bere lehen esperientzia izan du kokainarekin Euskal Herri post-industrialeko tabernazulo ilunenaren komunean, bere aita-amak afari dotore baten ondoren seme-alaba ilehori, jator, zintzo eta ezinhobeen nota onak zirela eta bularra puztutzen zuten bitartean.

Bihar igandea da, eta ume bat harritu egingo da bere klasekide bat aitarekin parkean euskaraz ari dela entzutean. "Tu padre es maisu?" galdetuko dio, bihar, igandean, eta ez da Barakaldon edo Santurtzin izango. Ez du zertan, sinetsidazue.

Bihar igandea da eta batzuek lan egin beharko dugu. Jainkoak ez. Bere konbenioan igandean jai egitea tokatzen dela esaten du aspaldidanik. Azken negoziazio kolektiboan ere ez zuen ematen hortan amore emateko zegoenik (Buda bera asko tematu zen kontu horretan, imajinatu!).

Bihar igandea da, igandea, igandea. Eta igandea amildegi bat da, eta zu oin puntak izkinan jarrita, ai burugabea! Eroriko zara bai! Baina lasai, ia denak erortzen dira.

Bihar igandea da, eta testu hau larunbatero irakurri ahalko duzu. Hain da errepikakorra mundu hau!

Bihar igandea da, eta bihar zortzi berriro.

Bihar igandea da, guztiaren amaiera agian.
Ez al zen ba hasiera?
Niri ez galdetu. Niri bost.

Ez galdu igandeak. Igandeak egun garrantzitsuak dira.

Eta astelehenak, astearteak, asteazkenak, ostegunak... Baina horietaz beste batean hitz egingo dugu ezta?

4 comentarios:

  1. Gaur igandea da eta droga sintetikorik hartu ez nituen arren, oso gaizki sentitzen naiz igadero bezala. Niregatik igandeak desagertu beharko liratezke!Ez nago ez BOOM EZ ez PLOOF, TXOOFF BAIZIK.

    ResponderEliminar
  2. Astelehena eta oraindik POF, asteartea eta POF, POF, POF... zer egin dugu? Nora goaz? Zergatik dira hain luzeak inauteriak?

    ResponderEliminar
  3. Modan jarri al da ezer jartzen ez duten posteoak egitea???

    ResponderEliminar