martes, 10 de enero de 2006

Aireportuen inguruan

Bada nik aireportuak maite ditut dioen jendea. Destino ezezagunen izen distiratsuak, leku guztietako jendea hara eta hona, etxera itzultzen den jendea... gogoko ditut, esaten dute batzuek. Bai badira horrelakoak. Normalean automobila erabiltzen dute bidaiatzeko, baina kosmopolitismo itxura oso modan dago aurten udazken-neguko denboraldi bete-betean gaudenean, eta distantzia laburrak aldiz, nola esan, hain daude out.
Egiaz inork ez ditu aireportuak maite. Zuk baietz? Bizi zaitez zu aireportuan. Leku tristeak dira aireportuak. Tabakorik gabeko eremu idor eta diskretuak. Lurrin merke eta uniforme aseptikoz jantziriko azafaten baselinazko irribarre behartuak. Oteizaren eskultura izan nahiko luketen erabili-eta-botako bibelotak. Neo-nazi itxurako turista ingeles bat can you give me an euro to call home? Sorry I don't speak english. Bozgorailuetako mezu errepikakorra azken deia 0429 hegaldiko bidaiarientzat.

Dena madarikatu nahi duzu (hegazkinak, konpainiak eta kafetegiko zerbitzariaren paaaa...txaaaa...daaaa; maletak, lehiatilak eta taxiak; geratu eta batez ere joaten direnak) eta zure burua bertan lehertu, baina ez litzateke politikoki zuzena izango eta ez dago ondo atentzioa deitzea. Arnasa sakon hartu, hori bai, horregatik ez dizu inork arraro begiratuko.

Jendeari negar zikin eta ergela jaio zaio hesteetan, gora egin dio begietara eta laster itzuli zaitez diote, erantzuna panazea merkea izango dela jakinda.

Hegazkinak aireratu eta lur hartzen. Argiak, destino ezezagunen izen distiratsuak, leku guztietako jendea hara eta hona. Gernu koloreko hegazkin batek kutsatu egin du zeru nahasia pasaeran. Atzean utzi du aireportua, atzean ur zikinak gainezka egiten dion jende negarti ergela. Airportuak oso leku triste eta patetikoak dira.
 

2 comentarios:

  1. (Pentsalari, eremulari, pu?alari... I?aki, zer egin dugu nick dinamiko hau merezi izateko?)

    Aerodromoak ez daude gaizki...

    ResponderEliminar