sábado, 28 de enero de 2006

Ez da posible...

Ezin dut sinistu, ez da posible, ezin liteke. Telebista piztu eta kate guztietan gauza bera aurkitzen duzu. Berdin da gosaltzen egotea, siesta botatzen edota gaueko ordu txikietan egiten dituzun gauza pertsonal eta gustagarriak modu xamurrean egiten egotea. Ez zara libratuko. Telenobelak modan daude. Eta modan dagoen guztia bezala, gorrotagarriak bihurtu dira. Zure eguneroko bizitzan dituzun arazoak gutxi balira, orain Juan Tobias, Valeria, Abigail, Rodrigo, Tatiana edota Marcos Aurelioren arazoak pairatzen egon behar gara. Localia eta antzerako telebista lokalak alde batera utzita, hamaika dira gaur egun emititzen ari diren telenobelak. Eskerrak "Pasion de Gavilanes" bukatu diren jada.

TVEk duela 16 urte bota zuen estreinekoz telenobela bat eta ordutik bi edo hiru botatzen ditu batera. Orain “La Tormenta” telesail berria jarri du martxan arratsaldeko lauetan eta ondoren, “Amar en tiempos revueltos”. 36ko gerraosteko garaian dago girotuta eta hori da okerrena. Garai ilunak eta zailak izan ziren, baina telenobela hau ematen hasi zirenetik, garai haiek are ilunagoak iruditzen zaizkit. “Los Plateados” telesaila oso audientzia baxua du, %14koa normalean. Baina, telenobelak modan daudenez, bere emisioa mantentzen dugu, orain larunbat goizetan, eguerdiko hamabietan.


 


Antena 3 edo Basura 3 kateak ere gogor ekin dio mota honetako sailak emititzeari, “Pasion de Gavilanes” telenobelaren arrakastaren ostean, “La Mujer en el espejo”ren bi atal ikus ditzakegu goizez eta arratsaldez “El Cuerpo del deseo” eta “Rubi”, orain berri estreinatuta. Hori gutxi balitz, Michel Brown “gavilana” katean geratu da, arratsaldeko “Estoy por ti” saio lotsagarria aurkezten. Fisikoki oso erakargarria izango da tipoa, baina aurkezten ikaragarri txarra eta nekagarria. Mesedez, sar dezatela kartzelan. “Gavilanak” Antena 3en ezezik gainontzeko kateetan ere ikus ditzakegu, Corte Ingleseko beherapenen publizitatearen protagonistak direlako. En fin.


 


Telecircok (Telecinco da, baina izena aldatu beharko luke), beste bat pantailaratu du, “Amor en custodia” argentinarra. Hiru egun besterik ez du iraun. %8ko audientzia egin ostean, telebistatik desagertu da. Eskerrik asko.


 


Ezin dugu ahaztu, herri kirolak, bertsolariak, pilota eta panderoaren telebista kateak (ETB1) ere bere telenobela duela, “Goenkale”. Hamaika urte luze eta 2000 ataletik gora. Ez al da iritsi telesaila bukatzeko garaia? Ez jauna. Orain prime timean botatzen dute, gaueko hamarretatik hamaiketara astelehen eta astearteetan. Gainera istorioak errepikatzen ari dira, Maria Luisa berriro bere jabetzak lapurtuko dizkion gaiztoarekin enrollatzeko zorian baitago. Penagarria.


 


Baina benetan kezkagarriena aste honetatik aurrera jasan beharko duguna da: Haurrentzako telenobelak. TVE1k “Floricienta” eta ETB1k “Maite Kuttuna” telesailak ematen hasi dira. Honi “kantera” egitea deitzen zaio. Badakizue, harrobia oso garrantzitsua da, gero helduen sailak ikustera pasatzeko. “Floricienta” ez dut ikusi, baina “Mite Kuttuna”ren bigarren atala osorik ikusi nuen eta Doraemon, Son Goku eta Heidiren ahotsak berriro entzutea ez zen oso xamurra izan. Gainera, Matilda filmearen antz ikaragarria ikusten diot.


 


Eta azkeneko traka: aste honetatik aurrera La2 katean ere telenobela bat botatzen hasiko dira, “Luna Negra”. Eskerrak gaueko 3,30etan hasiko den. “Telebista Programazio Duin baten aldeko Plataforma” sortu beharko genuke horrelakoak berriro ez gertatzeko (broma da).

1 comentario: