viernes, 20 de enero de 2006

Buenos Aires da

Buenos Aires da, ez dago zertan hiperbolerik erabili beharrik, ez da hainbeste, ez da dena, da Buenos Aires.

Argentinan.

Jainkoa leku guztietan omen dago baina Buenos Airesen dauka bulegoa, esaten dute Buenos Airesekoek, hau da, porte?oek. Eta Argentinako luze-zabalean ez dago oso ondo ikusita porte?oa. Baina berdin dio, porte?oak Buenos Aires dauka. Ura alboan. Eta Montevideo Rio de La Plataren beste aldean. Eta hegoalderantz La Pampa eta hegoalderantzago Patagonia, eta mendebaldean Andeak eta haratago Txile, eta horrelako datu geografikoak badakizkigu, edo ez, baina berdin digu.
    Zilarrezko errekaren ertzean etzanda sortu zen Buenos Aires, batzuk diote euskaldun batek sortu zuela hiria. Buenos Aires unibertsoa lakoa da, oso handia, luzea eta zabala. Autoa hartuz gero ezin daiteke hain errez irten, bi ordu behar dira gutxi gora behera Buenos Airesetik irteteko eta etxe bako lautadak ikusteko. Eta autobusez berdin. Lehenengo zentroa dago eta gero auzoak, eta ondoren auzo gehiago, eta urrutiago auzo pobreak, eta gero auzo pobreagoak eta gero igual belarra ikus daiteke, baina belar eremu oso mugatuak eta ez oso berdeak. Retiron hartzen dira autobusak. Alde guztietara daude autobusak Retiron. Ia leku guztietara. Bertan har dezakezu autobusa eta umeak ikusiko dituzu asfaltoan futbolean jolasten, belar kolorea ez duen belarrean futbolean jolasten, imajina ezinak diren lekuetan futbolera jolasten. Eta umeak ikusiko dituzu semaforoetan malabarak egiten: pilotekin, suarekin, sokekin...beti semaforoetan, beti autoentzako semaforoa gorri dagoenean. Eta autobus barnean filma bat ematen hasiko dira, baina zuk kanpora begiratzen jarraituko duzu, Buenos Airesen filmak ez direlako grabatzen ezta ikusten, Buenos Airesen filmak bizi egiten dira. Gehienetan Buenos Airesen filmak sufritu egiten dira, batez ere porteñoa bazara.

    Buenos Aires gogorra da, zikina. Antagonikoa da Buenos Aires. Horregatik da polita eta magikoa.

    Eta denetik egiteko dago Buenos Airesen, baina denetara heltzeko ezintasuna sortzen du baita ere. Nik ez dut ulertzen Buenos Aires, A eta B ditu Buenos Airesek. Plus eta minus. Antagonikoa da, batez ere hori. Eta jendea isilik doa beti kolektiboan: zentroan, San Telmon, Recoletan...beti isilik, eta ia beti bakarrik. Postmodernitatearen leihoa, eta gu bertatik begiratzen, Buenos Airesera begiratzen. Jendea mugikorretan ezkutatzen da ez pentsatzeko, jendeak musika entzuten du kalean eta kolektiboan ez pentsatzeko, jendea izoztu egiten da metroan eta kolektiboetan ez pentsatzeko. Ze ez da erreza hainbeste pentsatzea. Behin entzun nuen pentsatzea ona dela, asko pentsatzea arriskutsua eta gehiegi pentsatzeak hil egiten duela. Eta Buenos Airesen asko pentsatzeak hil egin zaitzake. Eta horregatik jendeak ez du hainbeste pentsatzen. Eta iluntzean denak doaz etxera isilik.

    Eta iluntzean denak isilik etxera doazenean hiri osoko kale kantoi guztietako zaborrak jendez betetzen dira. Karrodun pertsonak ikusiko dituzu alde batetik bestera, kartoiarekin, paperekin, aparatu arraroekin...eta umeak egongo dira, zaborrak zabaldu eta burua barrura sartzen, eguneko ogia eman diezaiokeen zerbait bilatzen. Hilabete amaierara ondo heltzen den jendeak behar ez duen eta zaborretara botatzen duen edozer da hilabete amaierara heltzen ez diren pertsonentzat baliotsua. Eta ondotik gorbatadun pertsonak pasatuko dira, eta gorbata bakoak baina hilabete amaierara ondo heltzen direnak, eta okinak, eta pizzeriaren baten lan egiten duen ikaslea, eta edizio luzeetan kristalak garbitzen dituen gaztea, eta Boliviatik aukera bila etorri zen familiako anai zaharrena nostalgiaz beterik...eta umeak hor jarraituko dute, zaborretan aurpegia sartuta, txikitan, Lekeitio edo  Lagako edo Zarautzeko hondartzan, ur azpian zer dagoen ikusteko burua sartzen genuen bezala, baina ez uretan zer dagoen ikusteko, baizik eta zaborretan sartzen dute umeek Buenos Airesen burua. Eta lehenengo egunean oso gogorra egingo zaizu hori ikustea eta mina sentituko duzu, zerbait ondo ez doan sentsazioa, eta bigarren egunean ohartuko zara inork ez diela kale kantoiko zaborretan dauden pertsonei begiratzen, beste alde batera begiratzen dutela, eta zu haserretu egingo zara, eta hirugarren egunean erdi ohitu egingo zara kale kantoi guztietako zaborretan pertsonak ikustera eta orduan beldurtu egingo zara, deshumanizatzen hasi zarelako, hiriak irabazi egin zaituelako, 2-1, eta gizateria madarikatuko duzu, edo bestela pizza bat eskatu, delivery.

    Eta aurrera jarraitzean ohartuko zara "kuadra" batean 12 ciber daudela, eta denak jendez betetan daudela eta kalean zarata itzela dagoela denok isilik joan arren eta ez duzu ezer ulertuko. Ze orain inork ez ditu gutunak eskuz idazten eta erromantizismotik kanpo, pena ematen dit ze postariak lan gabe geratu dira, edo aurki geratuko dira, eta pena ematen dit ze nik txikitan postaria izan nahi nuen nire herrian, eta karrotik tiratu, goizetan. Hori guztia nahi nuen txikitan eta Buenos Airesen ezin daiteke horrelakorik amestu eta ohartuko zara postariak betetzen dituztela tabernak, paroan, alkohola.

    Eta paroan daudenak zelan kexatzen dira? Galdetuko dizu geroago piketeroak, eta zuk, ba ez dakit, ba paroan daudenak ezin dezakete grebarik egin, esango dizu, greba egiteko lan egin behar delako, eta orduan zer egin, galdetuko dizu berriz ere piketeroak eta zu isilik, eta esango dizu paroan dagoenak bere errebindikazioak egiteko bide bakarra bideak moztea dela, sistema hau kolokan jartzea, eta kolokan jartzeko bide bakarra kapitalismoa moztea dela, eta kapitalismoa mozteko, sistema neoliberal basati hau moztu behar dela, eta produkzio basati hau mozteko lehengaia moztu behar dela eta horretarako zer egin?, galdetuko dizu piketeroak, ba bideak moztu, bidetik heltzen direlako enpresa kapitalistetara lehengaiak, eta horregatik piketeroak mozten ditugu bideak, gure eskubideen aldarrikapena egiteko bide bakarra hori delako, bideak moztea, eta ez ditugu bideak mozten pertsona txarrak eta alperrak garelako, gorbatadun jendeak dioen bezala. Hori dena esango dizu. Gu piketeroak gara, langile sozialak.

    Eta kaka, kea. Eta bizia, bizioa. Eta kultura. Eta pagina 12 egunkaria zabaldu eta burua labadora bezala, bueltaka eta 10 antzezlan daude gaur, eta 9 filma interesgarri ikusteko. Eta kaka, zer egin, zalantza sortuko zaizu, gauza gehiegi daude egiteko Buenos Airesen  eta ezin leku guztietara joan. Eta liburu denda itzelak daude, berriak, bi pisutakoak, magikoak, bigarren eskukoak...gehienak "Corrientes" kalean, "Oveliscotik" gertu, munduko kale zabalena da "Oveliscoren" kalea, eta zer, pentsatuko duzu, ze absurdoa den munduko kale zabalena izatea, ez du ezertarako balio, batez ere dena kotxez beteta dagoelako, baina beno, harro, munduko kale zabalena dago Buenos Airesen. Eta orduan zer egingo duzu, galdetzen diozu zure buruari, aukera larregi, denetarik kulturan, denetarik denetan. Ehunka kolektibo enpresa, ehunka konpetentzia. Eta kapitalismo bakarra. Eta estatua ez da existitzen, eta existitzen bada korruptoa da, oso, asko. Eta inork ez daki deus ere ez. Eta zerbait dakienak lagunen bat du politikoa dena. Eta zure semeak postu ona izan dezake orduan. Eta ostegunetan oraindik "Madres de la Plaza de Mayokoak" batzen jarraitzen dute, Plaza de Mayon, eta orain seme-alabak ere batzen dira, eta aitite eta amamak ere bai. Eta guzti horren erantzuleak kalean daude, Menen presidente ohiak kalean utzi zituelako, Menen presidente ohiak, Argentina, bere herria, saldu zuen pertsona berberak. Eta denek madarikatuko dute Menen. UUuhhhh. Ze Menenek hil zuen Argentina, ze lehen "uno a uno" zeuden, dolarra 1, pesoa 1 eta denak ondo bizi ziren eta 2001etaik hona ez hain ondo, ze 2001ean Argentina hil egin zen, baina orain jaiotzen ari da Argentina eta niri jaiotzak gustatzen zaizkit. Eta jendeak berba egiten daki, eta matea hartzen daki. Eta bi ordutako gosariak egiten daki. Eta plazera da guzti hori. Plazera da ikustea gehiago behar ez dutela zoriontsuak izateko lurrotan. Horregatik. Pertsonengatik. Paisaiak googlen daudelako, pertsonak ez. Laster arte Argentina. Hurrengorarte

9 comentarios:

  1. Bai, nik ere hori adierazi nahi nuen, baina ez zitzaidan hitzik ateratzen... Bikaina!

    ResponderEliminar
  2. joder...ikaragarria....ez daukat emoticonik nere esker ona adierazteko. Esker mila Pomen web gune hau aberasteagatik

    ResponderEliminar
  3. zure aurrean makurtzen naiz Pomen...

    izugarria...

    ResponderEliminar
  4. pozten naiz gustatu bazaizue,
    benetan, bene-benetan

    ResponderEliminar
  5. nola, Argentinako argazkiak dituzu eta ez dizkiezu bidali hemen jartzeko????????????????

    ResponderEliminar
  6. pomen handia zara, nahiz eta gaur txapa emon argentinako fotoekin, jeje!!

    ResponderEliminar
  7. Ederra. Barneko arrak hara joateko esaten digunoi beste arrazoi bat eman diguzu kasu egiteko.

    ResponderEliminar
  8. Oso ona Pomen! Ikaragarri gustau jat!

    ResponderEliminar
  9. Ahaztua nuen testua eta orain Buenos Airesen egonda berrirakurrita hilabete batzuk leheno idatzitakoa errepikatzen dut.
    Hori bai, Porte?oek punttu Bilbainoa badutenez...Oveliscoren kalea ez da munduko zabalena. Brasilian dago hori ia 100 metro zabalago.
    Baina ez diogu inori kontatuko.

    ResponderEliminar