viernes, 6 de enero de 2006

Gure belaunaldi* zikin hau (*erabili dezakegu hitz hau eguneko ordu hauetan?)

...nire belaunaldiak tregoa bat behar du. Algodoiak agindu zizkiguten eta badirudi generen bat dugula, ideologia gabeak, biolentoak, errespetu gabeak, bizitzari aurre egiteko ahulak... egiten gaituena’. Uxue Apaolazaren hitzak dira. Berria egunkarian idazten dituen zutabeengatik ezagutzen genuen eta amaitu berri den 2005aren azken hondarrean kaleratu zuen Umeek gezurra esaten dutenetik izeneko ipuin-liburua.


Durangoko Azokak idazle guztiei mesederik ez diela egiten uste dut. Badira Durangora begira kaleratzen diren liburuak eta agian urteko beste sasoi batean argia ikustea mereziko luketenak. Hau horien artean dagoela uste dut, ez baitu merezi beste milaka libururen tapa lodi erraldoien itzalean geratzea.


 


18 ipuin eta ehun orri baino gutxiago ditu Umeek gezurra esaten dutenetik honek eta hala ere azken aldiko nobedadeen artean interesgarrienen artean jarriko genuke ezbairik gabe Apaolazaren lehen liburua. Gogor hasten da, edo, Iban Zalduak kontrazalean azpimarratzen duen moduan, lodi. Bueltak izeneko ipuinak euskaraz inoiz irakurri ez genituen moduko perlak gordetzen ditu («...eta ama oraindik ere etxera sartzen denean alaba maitea ikusten duenean eta pentsatu zein ona den bere alaba eta zu sofan eserita zaude pijamaren azpitik hatza ipurdian sartzera zoazela atzoko zakilkadek diametroa handitu dizutela iruditzen zaizulako»); ondorengo ipuinetan suizidioa, heroina, bakardadea, abortoa, sexu inpertsonala.


 


Denek gordetzen dute barruan halako tonu gordin bat, irakurle puritanoa (edo horrelakoetara ohitua ez dagoena behintzat) sofa erosoko berotasunetik liburua bukatu arteko hotzikara moralera eramango duena. Dena dela, ez bilatu hemen fatalismorik, ez duzu aurkituko eta. Hau ez da «Ai-ama-gizarajoak-joe-ze-pena!» esatera eramaten zaituen liburu bat («inozentzia gorrotagarria da» irakurri dugu Erreferentzia izeneko ipuinean).


 


Tartean badira bestelako ipuin batzuk ere (Noiz, Progresoa, Beldurrezko nobela amerikanoa idatzi nahi nuen datozkit gogora) jolasetik gertuago daudenak, umore fina erabiliz.


 



Laburbiltzeko (laburbildu ote daiteke ipuin liburu bat?): liburu honetan ez dugula betikoaren antza duen ia ezer topatuko. Gordintasuna ez da dohanekoa, umoreak ez du algara bilatzen irribarre sotila baizik, egiantzekotasuna oso zaindua dago eta batez ere oso tonu berezia lortzen du zenbait ipuinetan. Belaunaldi baten hasiera ote?


3 comentarios:

  1. Ni ere Apaolazaren fan-a naiz. Tamalez, ez dut uste belaunaldi kontu bat den: gazteen artean gutxik du Apaolazaren indarra; batek ere ez, egia esateko.

    ResponderEliminar
  2. Ni ere Apaolazaren fan-a naiz. Tamalez, ez dut uste belaunaldi kontu bat den: gazteen artean gutxik du Apaolazaren indarra; batek ere ez, egia esateko.

    ResponderEliminar
  3. Uste dot jada nahiko sonatua dala nire Uxuerenganako begirunea baino zertxobait gehiago dan ia-mitifikazioa. Berrian irakurtzen nebanean... buff, pilotalekuetako purua baino sakratuagoa zan eguenetako Larrepetit. Lagun batek Apaolazaren zutabeak "zigarrotxo baten keak inguratuta" irakurtzeko modukoak zirela esan eustan; "di? en el clavo". Eta zihur nago 100 orri baino gitxiagoko bitxi hau gozatuko nukeela; dodala, hobeto esanda.

    ResponderEliminar