martes, 3 de enero de 2006

RootMagazine


Fabricio eta Diego deituriko bi gaztek, hogei urte ingurukoak biak, e-zine berria sortu dute, beraien webgunetik doan jaitsi daitekeena. Rootmagazine aldizkari multimedia bat da, beste e-zine eta webzine guztiek ez dutena jorratzen duena; 360 gradutan egindako egitasmoa da, Internet-en potentzialitate guztia ustiatzen duelarik.


Aldizkarian diseinatzaile grafiko, idazle, kale-artista, ilustratzaile eta beste hainbaten lana ikusi daiteke, eta baita bideoren bat ere. Musika ere aurkitu daiteke bertan, lagun italiar hauen ezagunek sortua, aldizkaria ekoizkin multimedia bezala ulertu daitekeelarik.

Berrikuntza itzela da, eduki multimedia interesgarria eskaintzen baitu, audio eta bideoa sartzeko aukera alde batera utzi gabe. Artistei eskainitako ataletan link-a topatu dezakegu, bere webgune pertsonalera, horrela gehien interesatzen zaizkigun proiektuak hurbilagotik ezagutzeko.

Gazte hauek webzine asko bisitatzen dituzte, eta askotan kritikatzen aritzen ziren, beraiek nola egingo zuten beraien buruari galdetu arte. Magazine oso-osoa egin dute horrela, beraien benetako eginbeharra den diseinatzaile grafiko lanarekin jarraitzen duten bitartean.

Hasierako xedea Rootmagazine erreferentzi puntu izatea nahi zuten, beraien burua kreatibotzat hartzen dutenentzat bederen, eta nolabait espresio eta sormenaren munduan interesaturik daudenei munduan egiten dena erakustea. Ni interesaturik nago, eta italiar hauen arrastoa jarraitzeko asmoa dut. Beraien bigarren asmoa artista ezagun nahiz ezezagunei ahotsa ematea litzateke. Proiektuak kalitatearen arabera sailkatzen dituzte, ez jatorriaren arabera; horrela, ezagutzen ez duten norbaiten egitasmoa jasotzen dutenean, artista ezagunei eskaintzen dieten espazio berdina ematen diete. Eta hau aldizkarian ikusi daiteke, ez dago aurkibidean begiratzea baino.

Ordu asko eskaintzen dizkiote egitasmoari, eta noski, ez dute horren trukean inolako irabazi ekonomikorik jasotzen, baina bai bestelakorik, akaso garrantzitsuagoak. Orain arte diru gutxi xahutu dute, noizean behin publizitate apur batetan, propagandarik onena ahoz-aho doana baita hauentzat. Lehenengo alearekin konpaktoa argitaratu zuten, partehartzaileen artean banatzeko. Geroago 500 ale banatu zituzten, lagun eta merkatarien artean banatzeko, gehienbat atzerrian. Hau, pegatina batzuk, eta webgunearen domeinua izan dira orain arteko gastu guztiak.

Benetan neketsua izan dena hainbeste orduko lana izan da, egiten dutenarekiko poztasuna dute ordaina, ordea. Baina egitasmo honek mundu osoko pertsona interesgarri asko ezagutzea ahalbidetu die. Momentuz ez dute inolako sponsor, banner edo bestelakorik, baina guztiz irekita daude horrelakoetara eskaintza interesgarriren bat jasotzekotan. Oso aukera ona da, izan ere, bi alerekin 32.000 deskarga izan dituzte, eta nazioarteko presentzia dute zaletuen artean.

Produktu kulturala da hortaz, eta ez enpresariala. Rootmagazinek lanabes informatikoak erabiltzen ditu, baina batez ere gizatiarra da. Sarea sortzea bilatzen dute, kontaktu eta kolaboratzaile sarea, antzeko sektoreetan lan egiten duen jendea, egunen batetan jaiak, erakusketak, etab. sortzeko kapaz izango direnaren esperantzaz. Oraingoz poztasun pertsonala baino ez dute jaso, eta ez da gutxi. Beraiek artisten bultzatzaileak dira, eta Root erakuslehioa. Era berean, artisten webgunean RootMagazineren link-a ezartzen da. Aberastasun kiribila da, baina ez ekonomikoa, noski, bere burua elikatzen duena. Webgunea bisita ezazue eta momentuz argitaratu diren bi aleak jaitsi, pena merezi du eta.


Info+: www.rootmagazine.org

No hay comentarios:

Publicar un comentario