martes, 17 de enero de 2006

Eraso!, Surfin Kaos eta Gose: hirurak batera, hirurak desberdin

Aizoain-eko Artsaia aretoan izan ginen Hontza management-ek antolaturiko jaialdian.
Nahiz eta kartela anitza eta kalitatezkoa izan, ez zen jende gehiegi hurbildu Artsaiara. Gosek ireki zuen jaialdia, han geundenontzat ezezagunenak zirenak. Egia esan, ordurarte ez nuen talde honen musika entzun eta bitxia behintzat egin zitzaidan, trikitixa, samplerrak eta gitarrak nahasten baitituzte. Goldfrapp, Prodigy edo Rammstein bezalako taldeak etorri zitzaizkidan burura emanaldian zehar. Surfin Kaos hirukoa igo zen ondoren taulagainera, euren punk rock-az gaua berotzen hasiz. Emanaldi polita eskaini ziguten Koldo Soret eta bere mutilek “Bizzionbizzi” diskoko kantuak, baina baita maketakoak ere joaz.

Hala bada, Eraso!-ri egokitu zitzaion azkeneko kontzertua ematea, eta ezin zen bestela izan. Jendea batez ere Eraso! ikustera hurbildu zela nahiko argi geratu zen. Indartsua izan zen kontzertua, beren kantu metalikoak era bortitzean joz. Azpimarratzekoa Sergioren ahotsa, izugarria, eta bateriaren lana, taldeari bidea markatzen. Izugarri ongi sartu zitzaizkigun “Kontra” disko berriko kantuak, zuzenean ez baitute indarrik galtzen, kontrakoa esanen nuke nik.

Gero kexatuko gara, eta esango dugu kontzertuak ez direla egiten etab., baina kontzertu hartan ez ginen 50 pertsona baino gehiago. Eraso! erreferentzia da euskal metalaren barruan eta Surfin Kaos ikusgarriak eta gustagarriak dira, baina hala ere… ematen du jendeak nahiko duela urtean behin Hatortxurock eta halakoetara joatearekin. Pena da.




1 comentario:

  1. Egia da bai, jendea ez dela kontzertu askotara joaten, eta hori inoiz baino eskaintza zabalagoa eta interesgarriagoa dagoela... Kulturarekiko interes falta? Apalankamentua? Aldaketaren beharrean gaude...

    ResponderEliminar